Bigarren ligan, lehenengo Euskadi mailan

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 4a

Zapatuan, partidu politak jokatu zituzten Marras Irristaketa Taldeko alebinek Araneko frontoian. Lehenengoa izan zen bereziki ikusgarria, 2-6 galtzetik, 8-6 irabaztera pasata. Bigarrena, berriz, 4-2 galdu zuten. Hala ere, Marraseko alebinak bigarren doaz ligan eta lehenengo dira, berriz, Euskadi mailan.

Gogotsu kantxaratu ziren Marraseko alebinak aurtengo ligako azken-aurreko jardunaldiari aurre egiteko. Etxeko taldea izan zen jokatzen lehena eta partidu bizi bezain intentsua jokatu zuten. 

Aurrez aurre zuten Zaragozako Stadium Casablanca, haiek ere nor baino nor iaioagoak. Haiek izan ziren, hain justu, markagailuan aurreratu zirenak, eta, majo aurreratu ere. 2-6 jarri ziren aurretik. Baina Marraseko alebinak, kokiltzetik urrun, eutsi, segi eta markagailua iraulita, 8-6 egin eta etxekoentzako izan zen partidua.

Gero, jardunaldiko azkeneko partidua ere etxekoek jokatu zuten. Bigarrena ere zaragozarren kontra, All Stars taldea. Haiekin ezin eta 4-2 galdu zuten partidua.

Edozein modutan, Marraseko alebinak bigarrenak mantentzen dira ligan eta lehenengoak dira, berriz, Euskadi mailan.

Hurrengo eta azken hitzordua ekainaren 6an dute. Hor, jokoan izango dute ligako  bigarren edo hirugarren postua ateratzea, eta, Euskadi mailan lehenengo edo bigarren geratzea. Momentuz, ez dakite non jokatuko duten azken jardunaldi hori.