Asteburuko partidua irabazita, puntu bakarra falta zaio Sorari Gorengo mailarako igoera ziurtatzeko

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 5a

Zapatuan, 0-4 irabazi zuen Sorak Irungo Landetxa taldearen kontra jokatutako norgehiagoka; kanpoan, gainera. Horri esker, sailkapeneko lidergoa sendotzeaz aparte, dagoeneko 30 puntu dituzte batuta. Eta, matematiken arabera, nahikoa luke beste puntu bat lortzea Gorengo mailarako igoera ziurtatuta izateko.

Nasai irabazi zuen Sorak zapatuko partidua. Markagailuan 0-4 eginda bukatu zuen norgehiagoka, bi gol lehen zatian eta beste biak bigarrenean eginda.

Azkar samar estreinatu zuten markagailua. 12. minutuan, Sodupe atezainak atera eta bi pase eta errematea bakarrik behar izan zituzten Sorakoek 0-1ekoa egiteko. Landetxako atezaina areaz kanpo gainditu ondoren, Jonpe izan zen golegilea.

Hain justu, Jonperen beraren eskutik etorri zen bigarren gola atsedenaldira joateko puntuan zeudela, buruz zentro ederra gol bilakatuta.

Bigarren zatian beste bi

Bigarren zatian, berriz, 70. minutuan, Landetxaren urruntze oker bat aprobetxatu zuen Danel Soutullok baloia arearaino eraman eta atezainak laga zuen bazterretik sareratzeko. Eta partiduko azken minutuetan etorri zen Soraren azkeneko gola. Arean Sorakoek hainbat erremate egin ondoren, bizi ibili zen Barrutia, eta, hark asmatu zuen.

Emaitzarekin eta partiduarekin “oso pozik” dagoela esan du Iokin Arrillaga entrenatzaileak, “espero nuena baino askoz hobeto gaude egiten gauzak”, adierazi du. Eta ez da gutxiagorako, ze puntu bakarra behar du Sorak maila  igoera ziurtatzeko.

Izan ere, sailkapeneko lehen lau ekipoak igoko dira Gorengo Mailara datorren denboraldian. Liga bukatzeko hiru partiduren faltan, bederatzi puntu daude jokoan eta sailkapeneko bosgarrena –Donostiako Arrupe– zortzi puntura dauka Sorak. Hori horrela, etxekoek nahikoa dute zapatuko partidua berdinduta puntu bat eskuratzea Gorengo Mailarako igoera eskuratzeko.

Zapatuan, kanpoan du Sorak hitzordua, Zumarragan, Argixao zelaian. Aurkari izango du Urola Kirol Elkartea, sailkapenean 13. postuan dago talde hura.