Soraluzeko PSE-EE-k bi milioi euroko gerakina duela eta adostutakoak aktiba ditzala eskatu dio Udal Gobernuari

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 10a

PSE-EE Udal Taldeko kideak abenduko plenoan.

Soraluzeko PSE-EEk berriro eskatu dio EH Bilduri bi alderdien artean lortutako akordioak “lehenbailehen aktibatzeko” eta udalerriko “Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralean jasotako jarduerak bizkortzeko. Sozialistek otsailean egin zuten eskaera hori berretsi egin dute orain, jakin ondoren “Udalak gastu orokorretarako aurten duen diruzaintzako gerakina 1.991.388 eurokoa dela”.

Prentsa ohar bitartez, Patricia Borinaga bozeramaile sozialistak jakinarazi duenez, foru funtsaren likidazioak “aurreikusitakoak baino diru-sarrera handiagoak” dakartza Udalarentzat: 1.991.388 euro.

Hori horrela, otsailean hiru proiektu aktibatzeko EH Bilduren Udal Gobernuari egindako eskaera berretsi egin du orain udal ordezkari sozialistak:

1- Bizitzako etapa guztietan “nahi ez den bakardadea modu eraginkorrean detektatzeko azterlana, pertsonen osasun mentala, fisikoa eta gizarte-ongizatea hobetzeko udal-politika eraginkorrak diseinatzeko”.

2- Artista gaztentzako dirulaguntza lerroa, “antzerkiaren, argazkigintzaren, arte plastikoen eta musikaren esparruan beren sorkuntzak garatzeko, materiala erosteko eta lokalak eta erakusketa-espazioak alokatzeko gastuetan laguntzeko, 2027rako hartutako konpromisoa 2026ra aurreratuz”. 

3- Zubi Nagusia “ibilgailu hibrido eta elektrikoak doan kargatzeko gune bat jartzea, instalazio hori beste inolako jarduketaren baldintzapean jarri gabe eta 2027tik 2026ra aurreratuta”.

Halaber, hiru eskaera horiekin batera, otsailean egin moduan, oraingoan ere bestelako ekimen batzuk martxan jartzea ere eskatu du udal ordezkari sozialistak: bide publikoko fatxadetan pintadak garbitzeko doako programa, amiantoaren udal-errolda eta Zeleta eta Sagar Erreka auzoetan egin beharreko inbertsioak handitzea.