Final-zortzirenetara sailkatu dira Soraluze Pilota Elkarteko palariak

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 11

Atzo, domeka, Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paletako Txapelketako itzulera partidak jokatu zituzten Araneko frontoian. Kantxan izan ziren Soraluzeko eta Hernaniko palariak, eta, etxekoen aldekoa izan zen bukaerako markagailua, 4-2. Hartara, soraluzetarrak final-zortzirenetara sailkatu dira. Zumaian jokatuko dituzte kanporaketako joaneko partiduak, maiatzaren 17an.

Atzo, domeka, gomazko paletako itzulerako kanporaketan, Soraluzeko Pilota Elkarteko palariek irabazi egin zituzten banakako partiduak eta galdu, berriz, binakakoa. Azken horren kasuan, Hernanitik, Rekondo-Manterola eta Soraluzetik Gisasola-Rascon bikoteek jokatu zuten. 20-15 galdu zuten Soraluzekoek.

Kantxa guztiko banakako partiduan, berriz, Julen Gallastegik irabazi egin zuen Oier Apaolazaren kontrakoa, 20-11. Eta, azkenaik, zazpiaren barruko banakako partidua Aitor Atxotegik poltsikoratu zuen, Alain Agirreri 20-10 irabazi ondoren.

Hori horrela, markagailu totala izan zen 4-2 Soraluzeren alde, eta, horri esker, final zortzirenetara sailkatu dira etxeko pilotariak. Datorren asteburuan, maiatzaren 17an jokatuko dituzte Zumaiako ordezkarien kontrako kanporaketako joaneko partiduak, Zumaian.