Musika Eskolatik nabarmendu dutenez, aurtengo nobedade nagusia izan da Arkaitz Miner oreretarra ekartzea irakasle gisa, “Euskal Herrian gaur egun biolina edo hobeto esanda arrabita munduan (inglesez ere violin eta fiddle ezberdintzen dituzte) daukagun musikaririk aipagarriena.
Minerrek Oiartzungo Herri Musikaren Txokoan ematen ditu arrabita eskolak, Juan Mari Beltranen gidaritzapean eta inguruko hainbat dantzalditan parte hartzen dute arrabitarekin edo biolarekin. Batzuetan baita albokariekin ere”. Musika Eskolatik azaldu dutenez, Miner gonbidatu dute Deba Bailarako arrabitajoleen mugimendua eta Oiartzungo arrabitajoleena uztartu nahi dutelako, “etorkizunean, elkar gonbidatu eta dantzaldietan parte hartzeko aukerak zabaltzeko”.
Sokazko instrumentuen balioa
Musika Eskolako ordezkarien esanetan, “Euskal Herrian tradizioa luzea izan da sokazko instrumentuekin musika herrikoia eta dantzarakoa jotzeko, baina modernitateak erabat ezabatu zuen instrumentu horien presentzia, instrumentu ozenago batzuen mesedetan”. Ostera, gaur egun instrumentu horien presentzia berreskuratzeko lanean dihardute, “harrigarria da zeinen ondo entzuten den musika herrikoia arrabitekin jota. Erritmoak eta markatzeko ere soinu berezia dute, eta melodia nagusiaz gain, bigarren ahotsak edo akonpainamendu ezberdinak gehitzeko aukera eskaintzen dute”.
Elkarri begiratuz eta entzunez ikastearen magia
Aspaldiko tradizioari jarraituz, Sorafolken abestiak, gailurik gabe, eta “elkarri begiratuz eta entzunez eta errepikatuz” ikasi dituzte. “Hasieratik nabaritzen da, inguruan ditugunak laguntzeko joera. Sare bat sortzen da, eta ondokoak laguntzeko behar naturala pizten da abilagoak direnen partetik. Horrela, emaitza musikala oso fenomeno bizia eta aldakorra da. Ez da perfektua, baina bai egiazkoa. Bere harmonia aberats eta nota ezegonkor guztiekin, emaitza askoz ere gizatiarragoa dela konturatzen gara. Eta gainera musikaren uhinekin, kasu honetan sokek daukaten erresonantziaren laguntzaz, benetan zerbaiten parte sentitzen gara. Bakoitzak ipintzen du bere aletxoa: batzuk nota baxuak, luzeak eta motelak, beste batzuk melodia era errezean, beste batzuk, melodia baina apaindurez jantzita, eta beste batzuk harmoniako notak edo erritmoaren motiboak errepikatuz, guztiek egiten dute bultza eta sortzen den emaitza benetan magikoa da. Ikusi besterik ez dago Palza Berrian sortu zen giroa. Dantzari batzuk espontaneoki dantzara irten ziren eta beste behin ere agerian gelditu zen gizakiak betidanik izan duen musikarako eta dantzarako behar edo gogoa”.