Gerra zibilaz, idazte prozesuaz eta bestelako gaietaz solasean jardun zuten Miren Agur Meabe idazlearekin

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 14a

Miren Agur Meabe institutuko 4. DBHko ikasleekin, atzo, eguaztena.

Atzo, eguaztena, Miren Agur Meabe idazle oparoa Soraluzen izan zen herriko institutuak eta jendartEKIN ekimenak gonbidatuta. Amets Arzalluzek Miñan liburuarekin estreinatutako ekimen arrakastatsua errepikatuz, oraingoan, Meaberen Urtebete itsasargian liburua izan dute bidelagun gazteek eta nagusiek, eta, gerra zibilaz, idazketa prozesuaz eta bestelakoez solas egin zuten idazlearekin.

Atzoko solasaldiaren aurkezpenean esplikatu zutenez, Soraluze BHI Institutuan aukera ikusi dute ikastetxean landu duten gerra zibilaren gaia mahai-gaineratzeko, gerrarena “hitz egin beharreko gaia” dela uste baitute. Alde literarioak hori egiteko ematen zien aukera baliatuta, eta, iaz Arzalluzekin gauzatutako ekimenaren bidetik, aurten, Miren Agur Meabe idazlea gonbidatu, eta, atzo izan zen hura Herriko Antzokian.

Urtebete itsasargian bere liburuari buruzko datuak emanez hasi zuen solasaldia idazle lekeitiarrak. Jakinarazi zuen 2006an argitaratu zuela eta 25 edizio egin direla dagoeneko, bestela esanda, 25.000 gaztek irakurri dutela.

Esplikatu zuen, bere hasierako asmoa ez zela gerra zibilaz idaztea, Lekeition ikusitako antzerki batek eragindako “bulkada emozional” baten ondorioz abiatu zuela idaztia.

Neguko frontea…

Harek bultzatuta, orain dela urte batzuk, Eusebio Erkiagak, Estepan Urkiaga Basaraz Lauaxetaren lagunak, Meaberi berari egindako kontakizunak berreskuratu zituen idazleak eta hango zenbait pasarterekin osatu zuen Urtebete itsasargian liburua. Miren Agur Meabek azaldu zuenez, gerra sasoiko errealitatearen ezjakitun sentitu zen bera eta hori, zelanbait gutxitu asmoz, “gazteei gerraren kronologiaz zerbait transmititzeko” helburua ere badu liburuak.

Hori horrela, atzo, gerra, Lauaxetaren fusilamendua, Irundik ihesi joandako iheslariz betetako itsasontziak, neguko frontea… hizpide izan zituen Meabek gazteekin.

Noski, liburuaren fikziozko zatia ere izan zuten berbagai, Jon Iturri Mendi JIM, Mirra… Eta idazketa prozesuaz ere egin zuten berba.

Idazteari esker, zoriontsuago

Adibidez, Miren Agur Meabek partekatu zuen, bere eskarmentuan oinarrituta, inspirazioa edozein lekutan topa daitekeela; kontatu zuen bera orain dela 40 urte hasi zela idazten, eta besteak beste, idazteak zer eman zion eta zer ematen dion ere azaldu zuen: “Bizitza intentsitate handiagoarekin bizi izateko sentsazioa, eta ondorioz, zoriontsuago sentitzen naiz”.

Tonu adeitsu eta gertukoan joan zen ekimena eta gazteek egindako galderei pozik eta gogotsu erantzun zien idazleak.