"LGTBIQ+ pertsona askok diskriminazioa, mespretxua eta indarkeria pairatzen dituzte egunerokoan"

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 17a

Gaur, maiatzak 17, LGTBIQ+ Fobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, Soraluzeko Udalak deituta, elkarretaratzea egin da Plaza Barrixan. Halaber, Soraluzeko Udalak, barikuan Adierazpen Instituzionala ere argitaratu zuen. Haren bitartez, “sexu orientazio, genero identitate eta genero adierazpen guztien errespetua eta berdintasuna” aldarrikatzeaz bat, udaleko talde politikoek “LGTBIQ+ fobiaren aurkako konpromiso irmoa” berretsi zuten. 

Adierazpen Instituzionalak dioenez, “legeetan zein gizarte mailan aurrerapausoak” eman diren arren, azken urteotan “gorroto diskurtsoek eta jarrera intoleranteek gorakada” izan dute. 

Gogora ekartzen du “askok diskriminazioa, mespretxua eta indarkeria pairatzen” dituztela; modu askotara, gainera: “Sare sozialetan zabaltzen diren gorroto mezuak, eraso fisiko eta hitzezkoak edo lan eta hezkuntza esparruetan gertatzen diren bazterkeria egoerak oraindik errealitate dira”.

Eta salatzen dute egoera horren ondorioz, gaur gaurkoz, 2026. urtea izanda ere, askok ezin dutela “beren identitatea edo sexualitatea askatasun osoz bizi, beldurrik gabe”.

Egoera hori iraultzeko, “ezinbestekoa” ikusten dute “erakundeek, hezkuntza komunitateak eta herritarrek elkarrekin lanean jarraitzea berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko”.