Dantza-erakustaldia egingo dute dantza eskola berriko dantzari gazteek

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 19a

Soraluzeko dantza eskola berriko dantzari gazteek ikasturte amaierako dantza-erakustaldia egingo dute maiatzaren 29an, 18:30ean, Araneko frontoian. Zazpi dantza eta agurra taularatuko dituzte Irene Vazquez Santos dantzari-irakasleak zuzenduta. 46 bat ume izango dira dantzari, 4 eta 15 urte artekoak. 

Ez dute aurreratuko zein dantza taularatuko dituzten, sorpresa izatea nahi baitute, baina denetariko dantzak prestatzen ari direla esan du euren irakasle Irene Vazquez Santos dantzariak (Eibar, 1999). 

Xehetasunen arabera, Gabonak bukatu eta berehala hasi ziren ikuskizunerako dantzak prestatzen; beraz, bost hilabeteko lanaren emaitza taularatuko dute datorren asteko barikuan.

Gonbidapenez

Ordubete inguru iraungo du dantza-ikuskizunak eta ez da sarrerak erosteko aukerarik izango. "Ume bakoitzari launa sarrera banatuko diogu. Lehen urtea izanda, horrela egingo dugu; datorren urtean, berriz, auskalo zer", esplikatu du Vazquezek.

2025-2026ko ikasturtean sortu da Soraluzen dantza garaikidearen eskola berria. Urte luzez, dantza mota hori Soraluzen irakasten ibili zen Biraka Dantzak iaz laga egin zuen, eta Irene Vazquez Santosek hartu zuen erreleboa. "Enteratu nintzen dantza-irakasle bila zebiltzala, eta harra sartu zitzaidan. Nik Eibarkoa lagatzea erabakita nuen; beharrean nenbilen, denari ezin ondo eutsita. Baina Soraluzekoaz enteratu nintzenean, animatu eta segitzea erabaki nuen. Gainera, pena ematen zidan Soraluzen dantza ikasteko aukera barik geldituko zirela jakiteak".

Orain, Soraluzen bizi da Vazquez –aita ere soraluzetarra du– eta astean hiru egunetan ematen ditu dantza eskolak, kiroldegian. "Pozik" dago taldeekin, eta datorren urtean ere segi nahiko luke.

Eskarmentu handikoa

27 urte bakarrik dituen arren, dantzari zein irakasle ibilbide luzea egin du dagoeneko Vazquezek. 14 bat urtez Eibarren dantza ikasten ibili eta gero, Madrilen segitu zituen ikasketak, eta han dantzari ere izan zen. Balleta, dantza garaikidea, komertziala, klakea, jazza… denetik egin eta lantzen du. 

Eibarren, berriz, dantza-irakasle izan da urte luzez, bertako dantza eskolan, eta orain, Soraluzeko erronkari eutsi dio.

Kontatu duenez, batik bat, dantza garaikidea eta komertziala erakusten ditu. Vazquezek berak ere horixe du gustuko, garaikidea, "zailagoa delako. Gauza zailak lortzea gehiago gustatzen zait. Teknika gehiago du garaikideak, eta horregatik da zailagoa", esplikatu du.