Elkarte gastronomiak irabazi asmo bako erakundetzat hartu eta hondakin-tasan salbuetsita lagatzea eskatu du Soraluzeko PSE-EEk

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 20a

Soraluzeko PSE-Eren udal taldeak eskatu du herriko elkarte gastronomikoak irabazi asmorik gabeko erakunde moduan onartzea. Halaber, eskatu du herriko “irabazi asmorik gabeko auzo, kultura edo gizarte elkarteei %100eko hobaria edo salbuespena aplikatzea udal-hondakinak biltzeko eta ezabatzeko tasan”. Sozialistek esan dutenez, mozio bitartez aurkeztu dute eskaera. Dena den, gaiak ez du eztabaida publikorik izango, abendutik ez baita osoko bilkurarako deialdi publikorik egin. 

Alderdi sozialistaren udal taldeko bozeramaile Patricia Borinagak, mozio bitartez, defendatu du elkarte gastronomikoak “irabazi-asmorik gabeko erakundeak” direla, askotan betetzen baitute “gizarte, kultura eta bizikidetza funtzioa gure udalerrian, gure tradizioak bizirik mantentzen eta auzo-kohesioa indartzen lagunduz”.

Hori dela-eta, uste du gaur egun egoera “bidegabean” daudela, udal tasa batzuetarako irabazi asmoa duten enpresatzat hartzen baitira. Hori dela-eta, udal talde sozialistak proposatu du ordenantza fiskaletan irizpidea aldatzea, “elkarte gastronomikoak, auzo, kultura edo gizarte elkarteak, irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa” hartzeko “eta ez jarduera ekonomiko bat garatzen duten enpresa gisa”.

Halaber, ildo beretik, eskatu du “irabazi-asmorik gabeko erakundeak direla kontuan hartuta (…) elkarte gastronomikoei (txokoak), zein Soraluzen kokatutako irabazi asmorik gabeko auzo, kultura edo gizarte elkarteei % 100eko hobaria edo salbuespena aplikatzea udal- hondakinak biltzeko eta ezabatzeko tasan”.