Soraluzeko Kaleko Margo Lehiaketako sarietako bat herritarrek aukeratuko dute gaur, bozketa bidez

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 24a

Margolaria Plaza Zaharrean.

Domekan, Soraluzeko plazak eta txokoak margolariz beteko dira, Kaleko Margo Lehiaketaren 32. edizioak erakarrita. 09:00etatik 10:00ak arte helduen lehiaketako izen-ematea egingo dute. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete eta 14:00ak arte izango dute margolanak egiteko. Horrekin batera, haurrei eta gazteei zuzendutako lehiaketa ere izango da, 10:30etik 12:30era.

Helduen margo lehiaketari dagokionez, berritasunekin dator. Batetik, "iaz parte-hartzaileekin adostuta", lehiaketako margolanekin egin ohi den erakusketa egunean bertan egingo dute, kalean. Maite Quintanilla Kultura zinegotziak esplikatu duenez, "artistak zaindu eta haiei erraztasunak ematearekin batera, kulturaren kaleko presentzia indartze aldera" erabaki dute hori. Plaza Barrixan izango da –euria bada, elizpean–, 14:00etatik 18:00etara. Bestetik, margolari helduak kanpotik datozela aintzat hartuta, bazkaria eta frontoian aparkalekua egokituko diete.

Helduetan, herritarren saria

Eta, hirugarrenik, erakusketa "indartzeko eta jendea ikustera animatzeko", laugarren sari bat gehitu diote lehiaketari, herritarrena, bozketa bidez erabakitzekoa. Erakusketak iraun bitartean eman ahalko du botoa edozeinek, baita umeek ere. "Denok dugu arteaz iritzia emateko eta gozatzeko gaitasuna", Quintanillaren esanetan. Botoa emateko txartel batzuk egongo dira, datuak bete eta zenbakituta izango diren artelan gustukoenaren zenbakia jarrita bozkatuko da; herritar bakoitzeko boto bat. Erakusketa eta bozketa ikasbidaiakoek zainduko dute. Boto gehien jasotzen duen margolanak, berriz, bertako produktuekin osatutako saskia jasoko du opari. 

Gainerako hiru sariei dagokienez, epaimahaiak erabakiko ditu. Epaimahaia osatuko dute Maria Luisa Blasco margolari eta idazleak, Paula Pinilla Krabelin pintura eskolako irakasleak, Laura de Luis Arte Ederretan lizentziadunak eta kontserbazio eta zaharberritzeetan adituak eta Pedro Etxaniz margolari eta eskulturagileak. Lehen saria 600 euro izango dira, bigarrena 400 euro eta hirugarrena 300 euro.

Umeen eta gazteen lehiaketa

Umeen eta gazteen lehiaketari dagokionez, berriz, HHtik DBHrainoko 16 urtez azpikoek parte har dezakete. Plaza Zaharrean –euria bada, SAPAn– banatuko diete materiala, eta kartulinak zigilatu –12:15ean banatuko dute azken materiala–. Dena den, nahi duenak etxetik ere eraman dezake materiala. Maila bakoitzeko sari bana emango dute, Iratxon, Estankoan eta Arcelusen erabiltzeko kultura-bonuak, eta partaide guztiei litxarreriak emango dizkiete. 

Sari banaketa ekitaldia, helduena zein umeena, domekan 18:00etan egingo dute, Plaza Barrixan –euria bada, elizpean–. 

Topaketa borobiltzeko, zirkua

Margolarien topaketa borobiltzeko, eta iazko "harrera ona" ikusita, zirkua izango da 12:30ean Plaza Zaharrean, Zirika Zirkus konpainiaren eskutik. Umeen lehiaketa bukatu eta berehala egingo dute Marietak Zirkus ikuskizuna, "publiko guztientzat" aproposa.