Ertzaintzak Global Sumud Flotillako Euskal Herriko ordezkarien aurka erabilitako "bortizkeria" salatu dute Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 25a

Gaur iluntzean, Yallah Soraluze elkarteak deituta, elkarretaratzea egin da Plaza Barrixan. 85 herritar inguru elkartu eta Ertzaintzak Global Sumud Flotillako Euskal Herriko ordezkarien kontra Loiuko aireportuan izandako jokabidea salatu dute. Haiek salatu moduan eta irudi publikoek erakusten dutenez, flotillako kideek ez zuten inoren biderik eragotzi, baizik eta “Ertzaintza joan” zen “Palestinarekiko elkartasuna eragoztera”. Halaber, Ertzaintzak erabilitako “bortizkeria” ere salatu zuten.

Gaurko elkarretaratzean azaldu dutenez, Global Sumud Flotillako kideek eurek salatu dute Ertzaintzak zapatuan aireportuan egindako interbentzioa eta halako egoerak normalizatu ez daitezen eskatu dute.

Deialdi horri erantzunez egin dute gaur iluntzeko elkarretaratzea Plaza Barrixan. 85 herritar inguruk babestu du protesta eta bertan irakurritako adierazpenean flotillako kideen salaketak partekatu dituzte. “Nazioarteko uretan bahituak izan eta Israelgo indarren eskutik tratu txarrak, eraso sexualak eta torturak jasan eta gero, Loiuko aireportura iritsi eta haien aurka gogor oldartu” ziren poliziak, “lau pertsona atxilotu zituzten gainera, animaliak baino txarrago tratatuz”, irudi publikoetan ikusten den moduan.

Esan zutenez "Ertzaintzak Global Sumud Flotillako Euskal Herriko ordezkarien aurka erabilitako bortizkeriak mundu osoko hedabideen arreta bereganatu" du. Eta azpimarratu zuten halako egoerak ezin direla “normaltasunez hartu eta Palestinarekiko elkartasuna” ez dela “delitua”.

Gertakaria “argitzeko”, adierazi zuten “Ertzaintzak lotura handiak” dituela “Mosadekin eta segurtasunerako tresna asko israeldar enpresei erosten” dietela; datu modura, esan zuten “2021ean 3.500.000 euroko kontratua” sinatu zutela.

Gauzak horrela, “sionismoarekin harreman guztiak apurtzeko” eta “okupatutako Palestinari Israel deitzen uzteko” deia egin zuten. Txalo artean bukatu dute elkarretaratzea.