"Zaila" izan arren, "topera" saiatuko da Soriano Espainiako txapelketan bihartik zapatura

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 27a

Denis Soriano amuarrain batekin eskuetan.

Bihar, eguena, hasiko da Espainiako Izokinkideen Lance Arrantza Txapelketa, Leonen, eta bertan izango da Denis Soriano soraluzeartutako aramaioarra. Bakarka zein euskal selekzioarekin lehiatuko da Espainiako Txapelketan, eta, esan du “dena ematen” saiatuko dela.

Bihar, txapelketaren lehen egunean, lehiakideak elkartu, informazioa jaso eta, besteak beste, hurrengo egunean hasiko den txapelketarako arrantza-tarteak banatuko dizkiete. 

Arrantza txapelketa bera maiatzaren 29an hasi eta zapatuan bukatuko da. Arrantzaleek goizez zein arratsaldez jardungo dute Leongo Orbigo ibaian arrantzan, bi orduko saioak egingo dituzte, eta jarraian kontrolak izango dituzte.  

Ur asko

Txapelketa prestatzeko, Denis Soriano orain dela bi asteburu izan zen Orbigo ibaiaren egoera ikusten eta arrantzan. Gero, lehiaketaren egunean bertan ere goizez egingo du azken praktikaldia bertan.

Kontatu duenez, "ur askorekin eta hotza" topatu du ibaia. Gaineratu du arrainek "momentuka" amua irensten zutela eta arrantzatu zuela "espero baino hobeto". Uste du lehiaketa egunerako ur kopurua apurtxo bat jaitsita egongo den arren "altutxo" harrapatuko dutela ibaia, eta ur asko egoteak baldintzatu egin dezakeela emaitza. Edozelan ere, gaineratu du "zaila" izango den arren baduela "gogoa", eta "dena ematen" saiatuko dela. 

Iaz, bakarka, bosgarren postua eskuratu zuen Sorianok, eta David Iglesiasekin bikote eginda, berriz, hirugarrena.