Soraluzeko zirku ikasleek dotore erakutsiko dituzte ikasturtean Zirkopillan ikasitako trebeziak, martitzenean moduan

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 28a

Gaur, eguena, Zirkopilla Zirku Eskolaren ikasturte amaierako bigarren zirku ikuskizuna egingo dute Herriko Antzokian. 18:00etan, zirku eskolako 20 bat ume igoko dira taula gainera eta akrobaziak egin eta trebeziak erakutsiko dituzte. Herenegun, martitzena, zirku eskolako beste 20 umek ere egin zuten ikuskizuna eta bete egin zen antzokia.

Martitzeneko ikuskizunaren bidetik, gaur ere, zirku ikasle gazteek dotore erakutsiko dituzte ikasturtean Zirkopillan ikasitako trebeziak gurasoen eta lagunen aurrean.

Martitzeneko zirku ikasle gazteek denetik egin zuten, trapezioan eta oihaletan akrobaziak egin zituzten, baloi erraldoiarekin trebeziak, hula hopa dantzan erabili eta bestelako diziplinak taularatu zituzten, Arrate Espilla Iriondo zirku irakasleak gidatuta.