Bihar, LH3tik LH6ra bitarteko eskola kiroleko ikasleak, haien aitaita-amamak eta Itxaropena Erretiratuen Elkarteko hainbat kide elkartuko dira SAPAn, 10:00etan. Han, gertu izango dituzte joas tradizionaletan oinarritutako txokoak, txandan-txandan, guztiek proba ditzaten: toka, igela, txapak, kanikak, txingoka… Eta 11:30ak arte jolastuko dira bertan.
LH1ekoak, berriz, futbol zelaira joango dira jolasera; eguraldia lagun ez bada, Araneko frontoira.
Ikasturte amaiera borobiltzeko, zapatuko jolasetara doazen guztiei domina bana emango diete opari; hori 12:00etan izango da, Plaza Barrixan.
Denetariko kirolak
2025-2026ko ikasturtean 95 umek parte hartu dute eskola kirolean Soraluzen, Mikel Oregi, Manex Osinaga eta Urko Ruiz begiraleen gidaritzapean. Astelehenetik eguenetara, talde bakoitzak astean birritan izan du kirolean jarduteko aukera. Denetarikoak praktikatu dituzte, Soraluzen eskolaren bat dutenak, gehi apartekoak. Adibidez, aurten, berritasun modura padela ere probatu ahal izan dute.
Partaidetzari dagokionez, jaitsiera izan da, baina, eskola kirolean izan den irizpide-aldaketa tarteko, jaitsiera "txikia" dela dio Anje Eskarzak, Soraluzeko Eskola Kiroleko dinamizatzaileak.
Datorren urtean merkeago
Kontua da 6 eta 12 urte bitarteko umeek kirol klub batean izena eman ahal izateko eskola kirolean parte hartu behar zutela, legez, kirol minorizatuak babesteko. Aurten, berriz, auzitegi baten aginduz, derrigortasun hori ezabatu, eta nahi dutenak bakarrik daude. "Eskola kirolean sinesten dutelako daude, gustura dabiltzalako… %15eko jaitsiera izan da, Gipuzkoako batez bestekoaren antzera, eta, umeen kintak jaitsi direla kontuan hartuta, jaitsiera txikia izan da”.
Gainera, datorren ikasturteari begira, Eskartzak iragarri du merkatu egingo dutela urteko kuota, nagusienendako 60 eurora eta gaztetxoenendako 30 eurora, urte osorako prezioak dira horiek.