Soraluze Futbol Taldeak klubeko kide guztiekin batera egingo du denboraldia agurtzeko ospakizuna, bihar

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 29a

Sorako talde guztiak 2025eko aurkezpenean.

Bihar, zapatua, Soraluze Futbol Taldeko ekipo guztiek batera agurtuko dute 2025-2026 denboraldia. 14:30an 185 lagunek elkarrekin bazkalduko dute Araneko frontoian. Iluntzean, berriz, Sorako lehen taldea, jokalariak zein talde teknikoa udaletxeko balkoira igoko dira, aurtengo emaitzak ospatu eta eskerrak emateko. 20:00etan igoko dira, eta, Sorako gainerako kide guztiak, eta, herritarrak ere gonbidatu dituzte bertaratzera.

Soraluze Futbol Taleak, aurten, nobedade modura egingo du kide guztiekin batera denboraldi amaierako ospakizuna.

Bihar izango da, eta, bazkari jendetsua egingo dute. 14:30ean, Araneko frontoian, 185 lagun inguru elkartuko dira: 158 futbolari, futbol eskolatik hasi eta nagusietarainokoak; eta zuzendaritzako kideak, delegatuak eta laguntzaileak, beste 27 lagun. Jatekoa eginda eramango dute; aukeran emanda, paella edo makarroiak izango dituzte otordu. 

20:00etan balkoira

Topaketa borobiltzeko, bihar iluntzean udaletxeko balkoira igoko dira, aurtengo denboraldiko emaitzak klubarekin ez ezik, herritarrekin batera ere ospatzeko.

Bertan izango dira Erregional Mailako jokalari guztiak, eta ekipoko talde teknikoa ere bai. Iokin Arrillaga entrenatzaileak esplikatu duenez, batez ere, eskerrak emango dituzte. Eta dei egingo dute ekitaldira bertara daitezen Soraluze Futbol Taldeko gainerako talde guztiak, eta herritarrak ere bai. "Anima daitezela taldeari agurra egin eta ospatzera", esan du Arrillagak. 20:00etan da hitzordua.

"Inoiz baino talde gehiago"

 

Bestalde, Sorako zuzendaritzak "balorazio oso ona" egin du 2025-2026ko denboraldian erdietsitakoaz. "Lehen taldea igo egin da eta Gorengo Mailan dauzkagun kadeteek eta gazteek mailari eutsi diote. Uste dugu Futbol Eskola bere fruituak ematen hasi dela. Gainera, inoiz baino talde gehiago dauzkagu eta datorren urtean gazteen bi talde egon daitezke", esan dute.