Soraluzen bi saltoki gutxiago izango dira ekainetik

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 30a

Naiara eta Onintza Elgeta.

Gaur bertan, zapatua, itxi egingo dute Soraluzeko Santa Ana kaleko Ecenarro lentzeria-denda. Ekainaren amaiera aldera, berriz, Belarrak belar-denda itxiko dute. 

Ecenarro lentzeria-dendari dagokionez, 2024ko urrian zabaldu zuten Santa Anako saltokia. Elgoibarko Lorea Oteiza eta Nuria Bergua koinatek zabaldu zuten; Elgoibarren Ecenarro saltokia izanda, haren izenkidea zabaldu zuten Santa Ana kalean. Orain, "tamalez", eta hainbat arrazoi tarteko, itxi egin behar izan dute Soraluzekoa. 

Saltokia itxi aurretik, Lore Oteizak eskerrak eman nahi dizkie saltokira joan diren soraluzetar guztiei.

Uztailean, Eibarrera

Bestalde, Belarrak belar-dendako Naiara eta Onintza Elgeta ahizpek ekainaren amaiera aldera itxiko dute Santa Anako arkupeko saltokia. Haien kasuan, Eibarko San Juan kalean dagoen Izadi lore-denda hartuko dute segituan. "Uztailaren 1erako Izadi lore-dendan egon behar dugu. Ekainaren 24an, 25ean… ekainaren azkenetan itxiko dugu hau, dena desmuntatu eta egin beharrekoak egiteko. Ekainaren 18an Bizikaleko azoka dugu, eta ahaleginduko gara hara ateratzen belar-dendako kremak eta, Eibarkoa lore-denda bakarrik baita", kontatu dute Naiarak eta Onintzak. 

"Itxi egin behar genuen"

Esplikatu dutenez, Soraluzeko negozioa "ez zihoan ondo. Urte batzuk gindoazen eutsi eta eutsi; suertatu zaigu Eibarren erretiratu egiten dela Izadi lore-dendako andrea, eta horixe zen gure aukera. Hau itxi egin behar genuen lehenago ala geroago, ez genuen askorik iraungo; Eibarkoa tokatu da parean, eta huraxe da gure aukera". 

Batik bat, azken urteetan igarri dute salmentetan beherakada: "Loreena asko jaitsi da. Eta belar-dendako produktuek irabazi gutxi ematen dute. Bi negozioekin batera justu-justu ibili gara orain arte, eusten, baina ja dendak ez du ematen". Diote jendeak "kanpoan erosten" duela asko. Eta jaitsiera nabarmenena pandemiaren ondoren etorri zela: "Pandemiaren ondorengo urte hartan, tira, baina gero izugarri jaitsi da". Lokal propioa ez izateak ere eragin du, noski. Gaineratu dute eurei "oso gaitza" egin behar zaiela herriko saltokia ixtea: "Hainbeste urte igaro eta gero itxi egin behar...".  

25 urte Soraluzen

Izan ere, mende laurdena, 25 urte egin ditu zabalik Belarrak belar-dendak. 2001ean zabaldu zuen, Zubi Nagusian, Tere Ariznabarretak. Harekin lanean hasi zen Naiara Elgeta, eta 2008an, hark eta Onintza Elgeta ahizpek hartu zuten belar-denda. 2019an, berriz, denda lekuz aldatu zuten, Zubi Nagusitik Santa Ana kaleko oraingo lokalera.

Belarrak belar-dendan, loreak ez ezik, nutriziorako produktuak, ekologikoak eta bestelako elikagaiak izan dituzte salgai; haien artean, batzuk inguruko baserrietakoak, Itxosteko marmelada, Itziarko arrautzak eta Eibarko ogia, adibidez.  

"Eskerrak konfiantzarengatik"

Itxi aurretik, Naiara eta Onintza Elgetak eskerrik beroenak eman nahi dizkiete bezeroei, 20 urte hauetan guztietan "emandako konfiantzarengatik. Eibarren ikusiko dugu elkar beste 20 urtean".