Atzo, eguerditik aurrera futbolariz betetzen hasi ziren herriko kaleak eta plazak. Ia guztiak Soraren polo beltza soinean jantzita zutela, 14:00etarako Plaza Barrixan elkartu ziren, Soraluze Futbol Taldea osatzen duten partaide guztiekin argazkia ateratzeko.
Segidan, Araneko frontoirako bidea hartu zuten, han gertu zuten otorduaz bapo gozatzeko. Barrenak ase ondoren ekin zioten, berriz, sari banaketa ekitaldiari.
Futbol eskolako guztiei dominak
Lehen aldia izan da Sorak kide guztiekin batera ospatzen duela denboraldi amaiera, eta besteak beste, horixe berori nabarmendu zuten sari emate ekitaldian, esanez, polita zela ikustea umeetatik hasi eta helduetarainoko futbolariak elkarrekin. Testuinguru horretan eman zizkieten ere futbol eskolako futbolari guztiei domina bana, hori ere, lehen aldiz. Poz-pozik laga zituzten klubeko gaztetxoenak.
Futbolari saridunak
Segidan, denboraldiko sariak banatu zituzten; kadeteetatik hasita, futbolari erregularrenak eta golegileak saritu zituzten. Honakoak izan ziren.
- Kadete lehen maila:
- Jokalari erregularrena: Asier Osa.
- Golegilea: Oinatz Beretxinaga.
- Gorengo kadete maila:
- Jokalari erregularrena: Ander Agirregomezkorta.
- Golegilea: Galder Losada.
- Jubenil maila:
- Jokalari erregularrena: Iker Criado.
- Golegilea: Alain Yanguas.
- Erregional maila:
- Jokalari erregularrena: Unax Sodupe.
- Golegilea: Danel Soutullo.
Udaletxeko balkoian
Atzoko ospakizuna herritarrekin batera borobildu zuten. Udaletxeko balkoira igo ziren aurten Gorengo mailarako igoera lortu duen lehen taldeko jokalariak zein ekipo teknikoa. Behean zeuden Sorako bestelako jokalari mordoxka bat eta baita hainbat herritar ere.
Sorakoek, batik bat eskerrak eman zituzten diskurtsoetan. Gero, katxondeo apur batekin, joatekoak diren hainbat jokalariri geratzeko eskatu zieten. Eta amaitzeko, xanpain botilak gogotik astindu eta barre eta txalo artean, balkoikoak zein behekoak zipriztindu zituzten.