Soraluzeko Zubi Nagusian eskaintzen dihardu zerbitzua NANak zein pasaporteak izapidetzeko unitate mugikorrak

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 1a

Polizia Nazionalaren unitate mugikorra Zubi Nagusian.

Gaur, astelehena, Soraluzen dago nortasun agiriak zein pasaporteak izapidetzeko Polizia Nazionalaren unitate mugikorra. Lekuz aldatu eta, Plaza Zaharrean barik, Zubi Nagusian egongo dira 14:00ak ingurura arte. Dagoeneko zabaldu dute furgoneta. Txanda guztiak daude beteta.

Plaza Zaharrean barik, gaur, Zubi Nagusian dago nortasun agiriak zein pasaporteak egin edo berritzeko Polizia Nazionalaren unitate mugikorra, DOKII izenekoa. Maiatzeko hitzorduan hainbat gorabehera izan zituzten plazan, eta, pentsatu dute leku aproposagoa izan daitekeela Zubi Nagusia, horrexegatik aldaketa.

Hainbat herritar ezustean harrapatu du leku aldaketak, baina hasi da jendea zubira bertaratzen. Izan ere, maiatzean moduan, ekainean ere, txanda guztiak hartuta dituzte, 48, guztira. DOKII zerbitzuko poliziak esan duenez, behin zerbitzua herrian bertan ematen hasten direnean, erabateko arrakasta izaten du.

Oraingoz, ez dute hurrengo hitzordurik zehaztuta; egiten dutenean, jakinaraziko dute eta zabalduko dute txanda hartzeko epea.