Aurten, Santiago-Santa Ana jaiak berezitasun askorekin datoz. Halaxe azpimarratu zuten joan den astean Udaleko Kultur ordezkariek herriko eragileen ordezkariekin batzar aretoan egin zuten jai batzordearen bigarren bileran.

Maite Quintanilla Kultur zinegotziak esplikatu zuenez, aurten jaietako datak bereziak izango dira: kanoikada ofiziala uztailaren 24an, barikua, jaurtiko dute, eta domekan amaituko dira jaiak, Santa Ana eguneko ospakizunekin. Hori bai, aurretik, uztailaren 23an, eguena, Gazte Eguna egingo dute, Galtzagorriek antolatuta, eta aurreko asteburuan ere izango da jai giroko ekimen ugari.
Aurreko asteburua
Ofizialki jaiak hasi gabe izango diren arren, jaien aurreko asteburua bete-betea dator aurten. Izan ere, uztailaren 18an, zapatua, motorzaleen topaketa egingo dute. Egun horretan, EAE osotik etorritako motorzaleak batuko dira herrian eta egun osoko jaia egingo dute: herriguneko itzulia, poteoa Latuna Bando Txarangarekin, bazkaria eta, azkenik, arratsaldean, trial erakustaldia egingo dute Plaza Berrian.
Hurrengo egunean, domeka, ere izango da zerekin gozatu. Goizean zehar, umeek, gazteek eta familiek elkarrekin jolasteko aukera izango dute, Bizijolas jolasgunean, eta eguerdian, berriz, tripa betetzekoa, Soraluzeko Arrozak ekimenaren eskutik. Hori gutxi balitz, herriko emakumeen batukada feminista ibiliko da kalez kale, Nerea Mendiak gidatuta, eta emakumezkoen pilota eta hockey partiduak jokatuko dituzte kiroldegian.
Musika eskaintza askotarikoa
Musika eskaintzari dagokionez, estilo ugaritako taldeek joko dute. Uztailaren 23an, Gazte Egunean, Polo Opuestok joko du, Zubian, eta herriko musikariek Sagar Erreka Mix musika ikuskizuna taularatuko dute.
Uztailaren 24an, berriz, nabarmentzekoa da Debagoieneko Añube rock taldeak Plaza Zaharrean joko duen kontzertua eta punk-oi! zaleak gozaraziko dituen Streetwise taldearen emanaldia Zubian. 25ean, berriz, Los Tenampas mariatxi taldeak girotuko du zapatu gaua, eta, ostean, Fan&Go-ren erromeriaz gozatzeko aukera izango da, txosnagunean. Azkenik, Santa Ana egunean, Neomak, euskal folka eta musika elektronikoa uztartzen dituen talde ezaguna, igoko da plazako oholtzara, jaiak amaitzeko.
Erraldoiak eta zesta-punta
Santiago Egunean, eguerdian, kaleratuko da aurtengo nobedade nagusienetako bat: Soraluzeko erraldoien konpartsa. Izan ere, zapatu eguerdian aterako dituzte kalera herriko erraldoiak, lehen aldiz, gonbidatu modura etorriko diren Arrasateko erraldoiekin batera. Quintanillak aurreratu zuenez, erraldoiak bi izango dira, eta ekin diote konpartsa osatzeari ere.
Egun berean, ezohiko kirol ekitaldia egingo dute kiroldegian: Jai Alai zesta-punta txapelketako partidua. Azkenengo egunean, berriz, herri kirol jaialdi berezia egingo dute Plaza Berrian.
Gainerakoan, azken urteotan ohiko bihurtu diren ekitaldiak egingo dira aurten ere: areto futbol txapelketaren finala, umeentzako krosa, herri bazkaria, karta txapelketa, danborrada, zezenak, bakailao lehiaketa, presoen aldeko bazkaria, larrain dantza, zezensuzkoa eta abar.
Bestalde, aurrerago jakinaraziko dute nork edo nortzuek botako duten jaiei hasiera emango dien kanoikada.
Erraldoien konpartsa osatzen
Musika eskolako eta Udaleko ordezkariek jakinarazi zutenez, dagoeneko hasita daude Soraluzeko erraldoien konpartsa osatzen: "15-16 urtetik aurrerako gaztetxoak, musikariak –txistulariak eta gaiteroak–, gurasoak eta zenbait herritar etorri dira". Antolatzaileen esanetan, "konpartsan laguntzeko eta parte hartzeko modu asko daude: erraldoiekin dantza egitea, musika jotzea, kalez kaleko ibilian laguntzea...". Hala, konpartsan parte hartu edota lagundu nahi duten herritarrek "zabalik dituzte ateak". Izena emateko, Soraluzeko Musika Eskolara jo behar da, eta ohartarazi dute laster hasiko dituztela konpartsaren entseguak. Aurrerago emango duten erraldoien izaeraren eta izenen berri.