Final-laurdenetako hiru partidak galduta, oso zail jarri zaie pala txapelketa plazentziatarrei

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 2a

Aitor Atxotegi domekan, partida hasi aurretik. Argazkia: Soraluzeko Pilota Elkartea.

Soraluzeko Pilota Elkarteko palariek jardunaldi “gogorra” izan zuten domekan, Araneko frontoian. Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paletako final-laurdenetako joaneko partidak jokatu zituzten eta hirurak galdu egin zituzten, Aiako palari zailen aurka. Bueltako partidak, gainera, haien etxean, Aian jokatuko dituzte, aste honetako barikuan. “Esperantza gutxirekin” doazela aitortu dute.

Herenegun, domeka, Gipuzkoako txapelketako joaneko hiru partidak jokatu eta galdu egin zituzten Soraluzeko Pilota Elkarteko palariek. 8-20 egin zuen Julen Gallastegik banakakoan, kantxa osoan; 19-20 galdu zuten, berriz, Jurgi Rasconek eta Antxon Gisasolak binakakoan, eta, 14-20an geratu zen markagailua Aitor Atxotegiren zazpiaren barruko partidan.

Aitor Atxotegik kontatu duenez, “gogorra” izan zen emaitza orokorra. Batik bat, Aiakoak palariak aurkari gogorrak direlako. Esplikatu duenez, haiek iaz final-erdietara iritsi ziren herriartekoan, eta, horregatik ziren orain multzo-buruak: hala, final-laurdenetan hasi dira txapelketan.

Jokatutako partidei dagokienez, berriz, Atxotegik esan du lehen partidan, nahiz eta Julenek txarto ez jokatu, bestea “gehiago” izan zela.

Binakakoari dagokionez, esan du Jurgi eta Antxon ere “nahiko gaizki” hasi zirela, “0-10 galtzen, baina gero pilota bizia atera, atzelaria kargatu eta 18-16 aurretik eta 19-18 ere aurretik joan ziren, eta, pena da galdu izana, nahiz eta tanto batengatik galdu, puntu bat izango zelako”.

Azkenik, bere partidari dagokionez, Atxotegik kontatu du 13na ere joan zirela, baina besteak “dena asmatu” zuela. “Bota zuen bi pareta leku guztietatik eta modu guztietan, eta, denak oso-oso ondo irten zitzaizkion eta orduan, gutxi egiteko; penarekin eta amorruarekin, jokatzeko nengoelako, baina ezin izan nuen kontra gehiago egin”.

Final-laurdenetako bueltako partiduak bariku honetan jokatuko dituzte, 19:00etan, Aian. Soraluzetarrak “esperantza gutxirekin” doaz, “markagailua txukuntze” aldera gehiago: “0-3 joanda eta 18 bat tanto kontrara, ezinezkoa ez, baina oso zaila daukagu. Baina saiatuko gara, eta ea partidaren bat irabazi eta markagailua txukuntzen dugun”, esan du Atxotegik.