Ohartarazi dute Topinburun haize-neurgailu bat jarri dutela baimenik eskatu gabe

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 2a

Topinburu mendian, Basalgo zentral eolikoaren haize-errotetako bat eraiki nahi duten guneetako batean, haize-neurgailua ipini dute, ibilgailu, eguzki-plaka eta guzti. Halaxe ohartarazi zuen joan zen astean zentralaren kontrako Soraluzeko plataformak. Gaiari buruz Udalean galdetuta, erantzun zuten "aztertzen" ari direla egoera, eta gaineratu dute "beharrezko ikusten" dituzten "eskaerak bideratuko zaizkiola dagokionari"; gaur (martitzena) berriro ere galdetuta, gaineratu dute prestatzen ari direla errekerimendua.  

Honako hauxe ohartarazi zuen zentralaren kontrako Soraluzeko plataformak: "Neurgailua Soraluzeko terrenoetan dago, eta, jakin dugunez, oraindik ez dute baimenik eskatu Udalean. Horrekin, Arena Power enpresak beste pauso bat eman du proiektuarekin aurrera segitzeko, nahiz eta proiektuari milaka alegazio aurkeztu zitzaizkion, eta oraindik Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak ez duen erantzunik eman". 

Gaiari buruz Udalean galdetuta, berriz, erantzun dute "aztertzen" ari direla egoera, eta gaineratu dute "beharrezko ikusten" dituzten "eskaerak bideratuko zaizkiola dagokionari". Gaur (martitzena) berriro ere galdetuta, gaineratu dute prestatzen ari direla errekerimendua.  

Batzar irekia ekainaren 10ean

Bestalde, zentral eolikoaren kontrako Soraluzeko plataformak jakinarazi duenez, ekainaren 10ean batzarra egingo dute. Helburua da proiektuari buruz dauden "azken berriak" konpartitzea; haize-neurgailuarena, adibidez. Eta hemendik aurrera zer egingo duten ere landu nahi dute. "Interesa duen jende guztia dago gonbidatuta". 19:00etan da hitzordua, gaztetxean.