Soraluzeko Udalak 1.416.244 euroko diru-gerakina duela jakinarazi zuten atzoko osoko bilkuran

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 4a

Atzo, eguaztena, 2026ko lehen osoko bilkura egin zuen Soraluzeko udalbatzarrak. Soraluzeko Udalak idazkari propioa falta du eta testuinguru horretan egin da urteko lehen osoko bilkura ekainean. Kontuak kontu, atzo landutako puntuen artean bat izan zen esaguratsua: 2025eko aurrekontuaren kontu orokorra. Bertan dago jasota Udalaren iazko diru gerakinaren zenbatekoa. Puntu hau aho batez onartu zuten udal alderdi guztien artean. Ordea, eskari eta galderen atalean, jeltzaleek oposiziotik hiru gai mahai-gaineratu zituzten eta horrek debatea eragin zuen alderdien artean.  

Soraluzeko Udalak idazkari propioa falta du urte hasieratik, eta, berria izendatu arte, azken urteotan idazkari lanak egin dituenak dihardu behin-behineko idazkari-lanak egiten. Testuinguru horretan egin zen urteko lehen osoko bilkura atzo, ekainean.

Bitxikeria moduan, bilkurako bigarren puntuan zeuden alkatetza dekretuek 21 orri bete zituzten, nahiz eta dekretuak izanda, ez ziren eztabaidagai izan. 

Hori bai, dekretuak bozkatu ziren puntuan Ramon Gallastegi EAJ-PNVko zinegotziak hitza hartu zuen. Dekretuetan bere esparrukoa den Landa Garapenarekin lotutako “gai inportanteak” zeudela ikusita, Udal Gobernuari eskatu zion, plenorik ezean, sikiera batzordeetan informa dezatela halako kontuei buruz.

Unai Larreategi alkateak erantzun zion, besteak beste, gai batzuk dekretu bidez onartu direla, hain zuzen, tramitazioa arintzeko.

Komunak, futbol zelaia, Soraluzeko erraldoiak…

Osterantzean, Udalbatzarrari dagokionez, bederatzi puntu izan ziren mahai gainean; hiru kontu ekonomikoekin lotutakoak izan ziren, eta, horietatik, bozketarako zeuden biak onartu egin zituzten, tartean, 2025eko aurrekontuaren kontu orokorra.

Hain justu, kontu orokorra izan zen batzarreko punturik esanguratsuena. Besteak beste, udal aurrekontuaren soberakinaren zenbatekoa jakinarazi eta hura zelan erabili izan zuten hizpide. Puntu hau aho batez onartu zuten udal ordezkariek. Hori bai, alderdi politikoen artean adostasuna izan bazen ere, oposizioko alderdiek ekarpenak egin zituzten Udalaren kontu ekonomikoen bueltan.

Lehenengo eta behin, sarrera modura, Unai Larreategi alkateak hartu zuen hitza, jakinarazteko, 2025eko aurrekontuaren likidazioak 2.144.920,77 euroko diruzaintza gerakina eman duela. Baina gaineratu zuen gauzatzeke daudela zenbait inbertsio, Hirigintzakoak, batez ere, eta, faltan daudela beste batzuk, "aurrekontuetan hartutako konpromisoen edo sortu diren premia berrien ondorio (…) berba egindakoak eta adostutakoak". Hori horrela, alkateak ohartarazi zuen 2025eko soberakin erreala murritzagoa dela. 

Proiektu horien artean, honako hauek zerrendatu zituen alkateak: “Herriguneko peatonalizazio sistema berria, herrian zehar asfaltatze lanak egitekoa, Zeleta 4ko inguruaren berrurbanizazioa, Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren funtzionamendua hobetzeko inbertsioak, Soraluzeko erraldoiak eta konpartsa, Mendigaineko kudeaketa-planaren garapena, Txurruken auzoko urbanizazioa, herriguneko komun publikoak, Sagar  Errekako herri sarrerako segurtasun kamerak eta futbol zelaiko belarraren aldaketa”.

Larreategik esan zuenez, proiektu horiek “dagoeneko abian daude edota datozen asteetan jarriko dira martxan”, eta alkateak gaineratu zuen “proiektuok beharrezko diru zuzkiduraz hornitu ostean, diruzaintza gerakina 1.416.244,97 eurokoa” litzatekeela.

Exekuzio maila

Era berean, puntu horretan, Unai Larreategi alkateak gaineratu zuen, Udalaren txosten ekonomikoaren arabera, iazko ekitaldiko aurrekontuak %76,24ko exekuzio maila izan duela baina matizatu zuen protzentaje hori Ezozibidea Berritzen eta Olaldeako proiektuen eraginaren ondorioa ere badela, eta, “bi proiektu handi horien eragina kontuan izan gabe, aurrekontuaren exekuzio maila %94an kokatuko” litzatekeela.

Oposizioaren ekarpenak

Oposizioaren txandan, puntu horretan, EAJ-PNVko bozeramale Iker Aldazabalek gogora ekarri zuen egiteke daudela jeltzaleek 2026ko aurrekontuari egindako hainbat ekarpen, SAPAren bigarren fasea, frontoiko eraikinaren irisgarritasuna bermatzeko arrapala eta zenbait terrenoren erosketa, eta, urtea bukatu aurretik horien berri jasotzeko nahia partekatu eta ekarpenak egiten segitzeko asmoa mahai gaineratu zituen.

Ildo beretik, Patricia Borinaga bozeramaile sozialistak esan zuen ondo iruditzen zaiola denon artean adostutako proiektuak gauzatzea, baina eskatu zuen ere "bere momentuan aurrekontuetarako adostutako" proiektuak aurten garatzea.

Bake epailea eta bi mozio

Otzoko osoko bilkuran beste puntu batzuk ere izan zituzten hizpide udal ordezkariek, tartean, bake-epailearen izendapena, bi mozio eta udalbatzarreko punturik luzeena, eskariena eta galderena

Bake-epailearen izendapenaren harira, jakinarazi zuten azken urte luzetan bake epaile izan den Margarita Ibargoienek laga egin duela kargu hori, eta, berria izendatzeko prozedura zabalik dagoela. Zentzu horretan, esan zuten laster jakinaraziko dituztela zeintzuk diren bake-epaile baten ezaugarriak eta funtzioak.

Mozioei dagokienez, berriz, bi aurkeztu ziren. Batetik, foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren harira EH Bilduk eta EAJ-PNVk batera aurkeztutakoa. Eta bestea PSE-EEk aurkeztutakoa, elkarte gastronomikoekin lotutakoa.

Pascual Churruca, Olaldea…

Bukatzeko, batzarreko punturik luzeena azkena izan zen, eskariena eta galderena. Izan ere, hura baliatuta, Iker Aldazabal jeltzaleak beste hiru gai esanguratsu mahai-gaineratu zituen, eta, gaiek debatea eragin zuten udal ordezkarien artean: Pascual Churrucako etxebizitzen proiektua eta Olaldeako eremu urbanistikoarenak zertan diren, eta, herrian dagoen aparkaleku gabeziaren arazoa.

Mozioei zein azken hiru puntuei buruzko informazioa Barrena.eus atariko segidako albisteetan jasoko da.