OSOKO BILKURA

Pascual Churrucako etxebizitzak, Olaldearen garapena eta aparkaleku defizita mahai gaineratu zituen oposizioak

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 4a

Atzo, Soraluzen egindako udalbatzarreko punturik luzeena azken puntua izan zen, eskari eta galderena. Izan ere, hura baliatuta, Iker Aldazabal jeltzaleak hiru gai esanguratsu mahaigaineratu zituen, eta udal ordezkariek haien inguruan jardun zuten. Aldazabalek galdetu zuen zertan diren Pascual Churrucako etxebizitzen proiektua eta Olaldeako eremu urbanistikoarena, eta, galdegin zuen ea zer egin behar duen Udal Gobernuak herrian dagoen aparkaleku gabeziaren arazoari aurre egiteko.

Pascual Churrucaren etxebizitza proiektuari dagokionez, gaia testuinguruan jarri asmoz, denboran atzera egin zuen Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak, eta, proiektuaren aurrekariak ekarri zituen gogora.

Gogora ekarri zuen Soraluzeko Udalak 2018an eskuratu zuela orube hura, enkantean, 404 euroan; 2021ean hitzarmena sinatu zutela Eusko Jaurlaritzak eta Soraluzeko Udalak han 29 etxebizitza eraikitzeko; 2025ean, hitzarmen hori berritu egin behar izan zutela, kadukatu egin behar zelako, eta, azkenik proiektu hori bultzatzeari buruzko erantzukizunak eskatu zituen.

Unai Larreategi alkateak erantzun zion, erantzukizunen kasuan, bakoitzak bereak dituela; esan zuen udal teknikariak hilero dabiltzala Jaurlaritzakoekin harremanetan eta Udalak gai horretan eskuak nahiko lotuta dituela.

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, gaiari buruz informazio gehiago eman zuen. Izan ere, 2021ean alderdikide sozialistekin sinatutako hitzarmena da Pascual Churrucako etxebizitzena. Bada, Borinagak esan zuenez, exekuzio proiektua bukatzen zebiltzan, eta, aurreikuspena da udazken inguruan pauso gehiago ematea proiektua lizitaziora atera ahal izateko.

2027rako exekutatu behar Olaldearako inbertsioa

Olaldeako eremu urbanistikoaren garapenari dagokionez, berriz, Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak hari buruz informatzeko agerraldi publikoa egitea eskatu zion Udal Gobernuari.

Oposizioburuak gogorarazi zuenez, Legebiltzarrean 2023an landutako Debabarrena Biziberritzeko Ponentziaren arabera, eremu hori garatzeko 3.375.000 euroko finantzaketa dago onartuta eta hori, 2025-2027ra bitartean exekutatu behar da.

Baina, Aldazabalek esan zuenez, oraingoz, bakarrik erabili da aurrekontu horren %3a, 112.500 euro inguru, eta kopuru hori bideratu da Plaza Zaharreko proiektua finantzatzeko. Halaber, jeltzaleak “zalantza” partekatu zuen 2027rako gai izango ote diren hiru milioi euro pasako inbertsioa exekutatzeko.

Hark gaineratu zuenez, jeltzaleak jakitun dira Udal Gobernua ari dela Olaldea garatzeko zenbait pauso ematen, eta horien berri eman dutela udaletxean, besteak beste, batzordeetan. Baina, gaiaren garrantzia aintzat hartuta, uste dute herritarrei ere eman beharko lizkiekeela azalpenak. 

Unai Larreategi alkateak erantzun zion, besteak beste, “ahalegin berezia” egingo dutela urtea bukatu aurretik gaia herritarrekin partekatzeko.

Aparkaleku defizita

Azkenik, udalerriko aparkaleku gabezia arazoa ere mahai-gaineratu zuen ordezkari jeltzaleak. Esan zuenez, apirileko batzordean partekatutako datuen arabera, eta datuak eguneratu egin behar diren arren, “Soraluzen guztira 2.430 motordun ibilgailu daude erroldatuta, eta, aldiz, espazio publikoetako eta garaje pribatuetako aparkalekuen kopurua 1.662koa baino ez da”, beraz, aparkaleku defizit handia dago. Eta horren harira, zuzeneko galdera egin zion gobernuari: Zein soluzio/proiektu/hausnarketa egin duzue honi bide emateko?

Unai Larreategi alkateak erantzun zion, berriz, aparkaleku premia egon badagoen arren, zenbakiak findu egin behar direla eta dagoen defizita ez dela horren handia. Alkateak gaineratu zuen gai hori kudeatzeko begirada desberdinak daudela eta, garaje-aparkalekuak sortzea badagoela Egitamu Orokorrean jasota dagoela proiektu jakinekin lotuta, besteak beste, Olaldearekin eta SAPArekin lotuta.

Eta esan zuen ere, bien bitartean, ari direla ahaleginak egiten eta dauden “aukeratxoak” aprobetxatzen edo hobetzen. Esaterako, orain SAPAn egin duten aktuazioarekin zortzi aparkaleku berri lortu dituzte eta beste horrenbeste lortuko dira Txurrukeneko berrurbanizazioa egiten denean.

Erregetxea zertarako?

Alkateari berriro ere erantzunez, eta aipatutako proiektuen tempusak nabarmenduz, Iker Aldazabalek gogorarazi zion EAJ-PNVk aurkeztuta duela 120 aparkaleku sortuko lituzkeen proiektua, Erregetxepean bi solairuko aparkalekua egitea, alegia. Ean zuen hura gauzatzea udal ordezkarien esku dagoela, ez dela tramite urbanistikorik egin behar, baldintzak ere eurek erabakiko lituzketela, inguruko udalerrietan -Eibarren, adibidez- badaudela antzerakoak gauzatuta eta beraz, azpimarratu zuen “bakarrik” behar dela “borondate politikoa” Soraluzen proiektu hori egiteko.

Horri erantzunez, Unai Larreategik esan zuen lehenengo argitu beharko litzatekeela Erregetxea zertarako erabili nahi den eta osterantzean, berretsi egin zuen Olaldeako zein SAPAko proiektuetan badaudela jasota aparkaleku-garaje gehiago sortzeko egitasmoak.