Bihar, zapatua, Triatoloiaren VI. aldiak girotuko du Soraluzeko erdigunea, eguerditik aurrera

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 5a

Triatoloiko partaideak iaz, Zubi nagusian.

Bihar, zapatua, Triatoloiaren VI. edizioa jokatuko da Soraluzen. 50 gazte inguru ibiliko dira haren bueltan goizetik. 10:30 alderako elkartuko Zubi Nagusian. Triatoloia bera 11:30ean hasiko da, eta, ordubete inguru iraungo du. Segurtasuna bermatzeko, 11:00etarako itxi egingo du erdigunea Udaltzaingoak, eta, igerilekua 11:30erako itxi egingo dute. Kirol jarduerak bukatuta, jaiari emango diote paso. Besteak beste, iluntzean Latuna Bando txaranga ibiliko da.

Bihar, Triatoloiaren VI. edizioak girotuko du herria. 48 lagun lehiatuko dira bertan, eta haiekin batera lagun gehiago ibiliko dira ibilbidea zaindu, lehiakideak animatu eta bestelakoak egiten.

Erdigunea eta igerilekua itxi

Triatoloia bera 11:30ean hasiko da, eta, segurtasuna bermatzeko, 11:00etarako itxi egingo du erdigunea Udaltzaingoak; zapatu normal batean baino ordubete lehenago, hain justu. Era berean, 11:30erako itxi egingo dute igerilekua erabiltzaileendako, Triatoloiaren lehen proba 300 metro igeri egitea izango baita. 

Balkoia eta txaranga

Antolatzaileen kalkuluen arabera, ordubete inguru iraungo dute kirol-probek: igeriketa –igerilekuan 300 metro–, bizikleta –Osintxuraino– eta lasterketa –erdiguneari bi buelta–. 

Esan bezala, 48 lagun lehiatuko dira, eta sei laguneko zortzi taldetan antolatuko dira. Halaber, zortzi talde horiek bitan banatu eta lau taldek egingo dituzte hiru probak lehenengo eta beste laurek ondoren.

Aurreikuspena da 12:30 ingururako ailegatuko direla azken korrikalariak Zubi Nagusiko helmugara, eta segidan egingo dute sari-banaketa. Ondoren, Batzokian bazkalduko dute elkarrekin, eta 18:45ean, berriz, Triatoloiko txapeldunek gainerakoen aitortza jasoko dute, udaletxeko balkoira igota –eguaztenean konpondu zuten balkoia–.

Omenaldi kontuak eginda, parrandarekin segituko dute. 19:00etan ekingo dio martxari Latuna Bando txarangak, ordu txikiak arte.

Triatoloia Soraluzeko hainbat gaztek antolatutako ekimena da. Iaz arte Mutrikun egiten zuten, baina iaz lehen aldiz Soraluzen egin zuten, eta emaitza ikusita, aurten errepikatu egingo dute esperientzia.