Dantza Eskola proiektua Soraluzeko Udalak eta Urrats Dantza Taldeak bultzatu dute eta aurkezpenean adierazi dutenez, helburua da “herriko ume eta gazteei dantza praktikatzeko aukera zabala eskaintzea, bai bertako plaza dantzak (euskal dantza tradizionalak) eta baita dantza garaikidea ere (modernoa, komertziala…)”. Azpimarratu dutenez, "dantzaren bidez gorputzaren, garunaren eta emozioaren arteko elkarrizketa sakona gertatzen da eta baita pertsonen arteko sinkronia ere, horrek dakarren onurarekin".
Eskolaren bultzatzaileen asmoa da urtean zehar dantza “ikasgelatik kalera eta plazara ateratzea”; aurrerago zehaztuko dute noiz eta nola.
Bi irakasle: Miren eta Irene
Eskolak bi irakasle izango ditu eta irakasle bakoitzak dantza disziplina bat emango du: Miren Hazasek plaza dantzen eskolak emango ditu eta Irene Vazquezek, berriz, dantza garaikidearenak. Biak dira eibartarrak, dantzariak eta dantza irakasle trebatuak. Hazas Eibarko Kezka dantza taldeko dantzaria da eta esperientzia luzea du adin guztietako herritarrei euskal dantzak irakasten, besteak beste, berak dihardu ematen helduentzako plaza dantzen ikastaroko eskolak herrian. Bestetik, Vazquezek bi disziplinak praktikatu ditu eta pasa den ikasturtean dantza garaikideko eskolak eman ditu Soraluzen.
Izen-ematea astelehenetik aurrera
Izen-ematea astelehen goizean zabalduko dute eta online egin beharko da, formulario bat beteta. Bertan LH1etik hasi eta 18 urte bitarteko ume eta gaztetxoek eman ahalko dute izena.
Astelehen goizean Udalak ume eta gazteen ikastaro guztien gaineko informazioa (egutegiak, ordutegiak, tarifak...) eta loturak argitaratuko ditu albiste batean, tartean Dantza Eskolari dagozkionak eta bertatik eman ahalko da izena. Albistea Soraluze.eus eta Barrena.eus webguneetan izango da ikusgai.
Azkenik, Dantza Eskola proiektuaren bultzatzaileek herriko familia, ume eta gazte guztiak animatu nahi dituzte Dantza Eskolan izena ematera, datorren ikasturtean “dantzaz gozatu eta Soraluze dantzan jartzeko”.