Pentsio publikoen aldeko gaurko elkarretaratzean, AIReFek pentsioei buruz egindako azken txostena izan dute berbagaietako bat. Esplikatu dutenez, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independente horren txostenaren arabera, “indarrean dagoen araudia betez, ez da beharrezkoa Pentsio Sistema Publikoan gastuak murriztea edo diru-sarrerak handitzea”.
Hori bai, gaineratu dute txosten horrek ez duela pentsio sistema publikoaren bideragarritasuna bermatzeko “ezinbesteko erabakirik” hartu. Uste dute txostenak ahaztu egiten duela “politika ekonomiko eta fiskala determinatzen duen arazo nagusia: aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta kontzentratzen dela”.
Izan ere, argi dute “lanak sortzen duen aberastasunarekin nahikoa baliabide” dagoela gutxieneko pentsioak LGS lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko eta pentsio eta soldatetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko. Hori lortzeko, hori bai, “ekitate fiskala” aplikatzea, “aberastasuna banatzea eta ezkutuko ekonomiaren, finantza-espekulazioaren eta paradisu fiskalen aurka borrokatzea” ezinbesteko ikusten dute.
"Hiri lagunkoirik ez pentsio kaskarrekin"
Bestalde, ekainaren 16an Donostian “agintarien eta instituzioen itxurakeria eta propaganda” salatzeko mobilizazioa egingo dela jakinarazi dute, eta bertara joateko dei egin dute. Esplikatu dutenez, ekainaren 16tik 18ra, Kursaalen Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Hirugarren Biltzarra egin behar dute, besteak beste, “gero eta luzaroago bizi den gizarteak dakartzan erronkez eta aukerez hausnartzeko”.
Bada, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak han egiteko elkarretaratzea antolatu du, besteak beste, agintarien aurrean, “lau haizetara zabaltzeko hiri lagunkoirik ezin dela egon pentsio kaskarrekin eta zaintza publiko eta kalitatezkorik gabe”. Soraluzetik ordezkaritza izango dela iragarri dute.