Eingo taldeak girotuko du Ezoziko Erromerixa Eguna zapatuan

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko ekainaren 9a

Erromerixa Eguna iaz, Ezozin.

Ekainaren bigarren zapatuan, urtero legez, euskal dantzazaleak eta musikariak batuko dira Ezoziko plazan, Urrats dantza taldeak antolatuta egingo den 17. Erromerixa Egunean. 

Eguerdian hasiko da dantzazaleen jaia, bertaratzen diren guztiei jan-edana banatuta. Segidan, ordu batak aldera, ekingo diote dantzari, eta ez dituzte nolanahiko laguntzaileak izango; izan ere, beste behin, "luxuzko" musikari multzoa batuko da Ezoziko plazan: Deba bailarako arrabitariak, Diadar taldeko txistulariak eta herriko trikitilariak, besteak beste. Ordubete pasatxoko saioan hainbat motatako plaza dantzak dantzatuko dituzte: mutxikoak, fandangoak eta arin arinak, banangoa, polkak, korroak... "Saio irekia izango da, edozeinek parte hartzeko modukoa", adierazi dute dantza taldeko kideek. 

Eguerdiko saioaren ostean, 15:00 aldera, Ezoziko ermitaren ataripean batuko dira, goizean zehar boluntarioek bertan prestatutako paella jateko. Bazkarian parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Iratxo gozodendan 15 euro ordainduta –izen ematea zabalik dago–. Bazkalostean, ohitura duten legez, musikariek eta bazkaltiarrek kantuan egingo dute elkarrekin.  

Arratsaldean, Eingo taldea, sagardoa eta gazta

Arratsaldean ere segida izango du egitarauak. 18:30ean, eguneko dantza saio nagusia hasiko da, Eingo erromeri talde ezagunak gidatuta. Iaz moduan, euskal dantzak eta kantuak uztartuko dituzte ordu eta erdi pasatxo iraungo duen emanaldian. Tartean, larrain dantza ezaguna ere dantzatuko dute, herriko gaiteroek lagunduta. 

Aurretik eta bitartean, plazara joaten direnek Lizagasarreko sagardoa eta Egotzako gazta dastatu ahal izango dituzte, eta, 19:00etan, bolatokia zabalduko dute, Ezoziko bola-premioa jokatzeko. 

Iaz egun ederra pasatu genuen elkarrekin, eta aurten ere gonbidatu nahi ditugu herriko eta inguruetako dantzazale eta euskaltzaleak, bakarka, familian edo kuadrillan etor daitezen Ezoziko plazara. Plaza ederra da dantzarako, eta puntako musikariekin batera gozatu ederra hartuko dugu aurten ere", adierazi dute dantza taldekoek.