Zapatuan, 200 bat errugbilari eta errugbi-zale elkartuko dira Ezoziko zelaian

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 9a

Zapatuan, 7. Errugbi Eguna ospatuko dute Soraluzen. Goizetik, Ezoziko zelaia Arabatik, Bizkaitik zein Gipuzkoatik etorriko diren 200 bat lagunen topaleku bilakatuko da. 09:30ean harrera egin eta 10:00ak aldera hasiko dira rugby partiduak zein jokoak. Kirol saioa amaitzean, berriz, garaikurrak eta opariak banatuko dituzte antolatzaile SoraGazteak Rugby Klubeko kideek, eta, segidan, 3. denboraz gozatuko dute.

Zapatuan, Soraluzen, sei errugbi klubetako 200 lagun inguru elkartuko dira Ezozin. SoraGazteak Rugby Klubak antolatutako 7. Errugbi Egunak erakarrita, 10-12 urtez azpiko jokalariak, haien entrenatzaileak zein taldekideak elkartuko dira.

SoraGazteak Rugby Klubeko Enekoitz Igartua ordezkariak kontatu duenez, 09:30ean harrera egingo diete Soraluze bisitatuko duten taldeei: Hernani Rugby Klubari, Atletico San Sebastian Klubari, Gaztedi Rugby Taldeari, Durango Rugby Taldeari, Eibar Rugby Taldeari eta Mutriku Rugby Taldeari.

Berba batzuk egin ondoren, 10:00ak inguruan hasiko dira partiduak eta jo eta su rugbyan ibiliko dira 12:30ak bueltara arte. Iaz moduan, ipiniko dituzte, baita ere, zelaitik kanpo hainbat jolas, ikusleentzeko; eta zelaian, berriz, umeendako fruta eta ura izango dira.

Azkenik kirol saioa amaitzean, partaide guztiendako dominak partituko dituzte, eta gero, 3. denboran, umeendako lortutako opariak banatu, staffari ere oparia emango diote, eta hala, elkarrekin borobilduko dute eguna.