Ander Agirregomezkorta Cuende: "Pozik eta eskertuta nago Realak emandako aukerarengatik"

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 12a

Ander Agirregomezkorta Cuende Realeko kamisetarekin zubian, eguaztenean.

Ander Agirregomezkorta Cuende (Soraluze, 2011) Sorako erdilaria Realak fitxatu berri du. Gazteak urtebete eman du, Soran jokatzeaz bat, Real Sociedad klubeko kadeteen taldearekin ere entrenatzen eta jokatzen. Maiatzaren amaieran, berriz, Realak jakinarazi zion hura fitxatu nahi zuela, eta Soraluzeko gazteak baiezkoa eman dio.

Pozik notiziarekin? Barneratu duzu dagoeneko?

Oso pozik nago. Txikitatik izan dudan ametsa da. Ja barneratuta daukat. Bertako ohiturak eta jendea ezagutzen ditut, eta errazago hartuko naute ekipoan. Baina ez nuen guztiz espero. Denboraldi ona egin dut, Zubietan ondo ibili naiz eta zerbait merezi nuela uste nuen, baina espero, guztiz ez.

Zure inguruan zelan hartu dute notizia?

Familiak eta lagunek oso ondo hartu dute. Uste dut oso pozik daudela, gertuko pertsona batek zerbait lortu duela ikusteak eta hura pozik ikusteak norbera ere pozten duelako. Denoi gustatuko litzaiguke egoera hau bizi izatea, eta jendea poztu egiten da lagun bat hor ikustean.

Zehazki, zer esan nahi du Realarekin fitxatzeak?

Hainbat urtetarako hartu naute. Demaseko zortea dudala uste dut. Askori gustatuko litzaioke hau, baina denek ez dute zorterik izan. Pena ematen dit Sora lagatzeak, baina uste dut pauso hau ematea ondo etorriko zaidala, gehiago hobetuko dudalako. Gehiago ikasteko aukera handia eta esperientzia polita dela uste dut.

Noiz hasiko zara han? 

Uztailaren 28an denboraldiaurrea hasiko dut. Gogo handia daukat, aldaketa handia izango dut egunerokoan, dena den, hasteko gogo handiz nago. Bestalde, Institutuko ikasketei Zubietan jarraipena eman ahal izatea aukera ona da. Horrela, azterketak-eta han prestatu, eta hemen nagoenean aprobetxatu dezaket beste gauza batzuk egiteko. 

Baduzu esperientzia Realarekin; taldekideak ezagutzen dituzu?

Urtebete egin dut han, eta taldekideak ezagutzen ditut. Konfiantza daukat batzuekin, eta entrenatzaile gehienak ere ezagutzen ditut. Zehazki, oraindik ez dakit zein izango den nire entrenatzailea eta ekipoa, baina ezagutu denak ezagutzen ditut, eta oso jatorrak direla iruditzen zait.

Orain artekoa ikusita, zer gustatzen zaizu gehien? Eta zer egiten zaizu zailena edo gogorrena?

Gehien gustatzen zaidana da esperientzia hori bizi ahal izatea eta bertan ikasi ahal den guztia. Asko ikasi daitekeela uste dut. Jende asko ezagutzen da eta lagun oso onak egin daitezke. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, da denbora asko bertan pasatzen dugula eta ez dudala denbora nahikoa lagunekin eta familiarekin egoteko.

Iaz Realean hasi zinenean imajinatzen zenuen honaino iritsiko zinela?

Ez nuen uste hain bizkor etorriko zenik; agian, urte batzuk geroago etor zitekeela bai, baina hain bizkor ez. Oso azkar pasatu zait. Denboraldi bakarrean ja fitxatzea. Esperientzia oso polita izan zen Aste Santuan Gasteizen jokatu genuen lehen txapelketa; oso ondo pasatu nuen.

Behin hemen, noraino nahiko zenuke ailegatu?

Hau lortuta, gustatuko litzaidake ahalik eta denbora gehien egon ahal izatea Realean, eta, hain zuzen ere, ahalegintzen eta lan egiten lortu dezakedala uste dut. Hortik aurrera, denborak esango du.