Kanpaiak isildu dituzte gauez Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 12a

Joan den asteaz geroztik, ez dago kanpai-hotsik gauez. Zehazki, ekainaren 3az gero, 22:00etan entzun daitezke eguneko azken kanpaiak eta 08:00etan, berriz, lehenengoak. Soraluzeko Udalak eskatuta ezarri dute kanpaien ordutegi hori. Hain justu, apirilaren 14an, alkatetza-dekretuz, Andre Maria Erreginaren parrokiari idazki bat aurkezteko eskatu zitzaion, "kanpandorrearen soinu emisioa indarreko araudian ezarritako mugetara egokitzeko proposatzen diren neurri zuzentzaileak zehaztu ditzan”.

Joseba Gonzalez parrokoak esplikatu duenez, alkatetzaren dekretuan eskatutako neurri zuzentzaileak bete ezean gaiak epaitegietan bukatuko luke, eta, seguru aski, epaile batek aginduko luke neurriak betetzea. Hala, agindu horri erantzunez aurkeztu ahal izango litzateke helegitea, eta parrokiak erabaki du epaitegietara ez jotzea.

Hiru urte kendu nahian

Kanpaien gaiak zeresan handia eragin du udalerrian urteotan. 

2022an, herritar talde batek eskatu zuen udan gauez kanpaiak ken zitzatela, loa galarazi eta atsedenerako eskubidea eragozten zietelako kanpai-doinuek. 

Kexu haien harira, astebetez kanpaiak isilaraztea erabaki zuten parrokiakoek, baina, esan zutenez, segituan iritsi ziren kanpaien aldeko herritarren kexuak. Hori ikusita, sinadura bilketa egin zuten. 501 lagunek sinatu zuten kanpaiak bere horretan mantentzearen alde. Sinadurak parrokian zein udaletxean aurkeztu, eta parrokiak betiko moduan laga zituen kanpaiak. 

2024an, berriz, kanpaien gaineko kexua Arartekoarengana eraman zuten, eta, hark, idatzi baten bidez, kanpaiek eragindako eragozpenak zirela-eta indarrean zegoen araudiaren arabera eginda zituen edo egingo zituen jarduerei buruzko argibideak eskatu zizkion Udalari.

Txosten teknikoa

2025ean, Udalak txosten teknikoa egin zuen kanpaien zarata-maila neurtzeko. Halako lanetan aditua den enpresa batek soinu-neurketak egin zituen herriko hainbat puntutan, bai kalean eta baita etxebizitza partikularren barnean ere. 

Udalaren esanetan, haien arabera, elizako kanpaien hotsak ez ditu betetzen Zarataren 37/2003 Legearen 1367/2007 Errege Dekretuak –neurketa horietan aplikatzen den prozedura– eta Euskal Autonomia Erkidegoko 213/2012 Dekretuak ezarritako muga-balioak. Horren ondoren, 2025eko uztailean eskatu zion parrokiari kanpaiak isil zitzan, uda garaian, 23:01etik 06:59ra. 

Zarata gehiago ere badaude

Irailean iritsi zen parrokiaren erantzuna. Jakinarazi zuen ez zituela kanpaiak isilduko. Esplikatu zuenez, eliztarrei gaiari buruz hausnartzeko eskatu ondoren, "gutxik esan zuten prest zeudela eta gehiengo handi batek ezetz" esan zuen.

Xehetasunen arabera, eskaera ez onartzeko hainbat arrazoi eman zituzten eliztarrek: "Batzuek esan zuten kanpairik ez entzuteak molestatzen zituela. Beste batzuek esan zuten beste zarata batzuk ere badaudela herrian eta zarata horiekin bizi garela. Beste batzuek esan zuten kanpaiak ez direla zarata, doinua baizik. Beste batzuek esan zuten legearen arabera zaraten neurketa aintzat hartu behar dela etxeak elizaren alboan dauden kasuetan, eta Soraluzeko kasuan ez dela horrela. Eta beste batzuek esan zuten legeak esango baligu kanpaiak kendu egin behar direla, ba kendu egingo ditugula". 

Komunikabide nazionaletara

2025eko azaroan, berriz, gaiak komunikabide nazionaletara salto egin zuen –EITB, TVE, SER…–, PSE-EEko udal taldetik bidalitako ohar baten ondotik. Bertan, gogora ekarri zuten txosten tekniko baten arabera kanpaien doinuak legeak ezarritako maila gainditu egiten duela, eta eliztarrei eskatu zien bizilagunen atsedena errespeta dezatela. Halaber, kezkatuta azaldu zen, parrokiak uko egin ziolako gauez kanpaiak isiltzeari, nahiz eta Udalak hala eskatu.

Azkenik, 2026ko ekainean iritsi da dekretu bidezko eskaera. Eta aurrerantzean, udan ez ezik, urte osoan, gauez, isilik egongo dira kanpaiak.