Ekainaren 25ean hasiko dira danborradaren entseguak, frontoian

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 12a

Danborradako iazko taldea entseatzen.

Jaietako nagusien danborrada antolatzen diharduen taldeak jakinarazi duenez, ekainaren 25ean hasiko dira aurtengo entseguak. Uztailaren 21era bitartean, martitzenero eta eguenero entseatuko dute, 19:30etik 20:30era, frontoi zaharrean. Entsegu orokorra uztailaren 21ean izango da. 

Ohartarazi dutenez, danborradan barrila zein danborra joko dutenek derrigorrez joan beharko dute entseguetara; gutxienez, hiru entsegutara eta entsegu orokorrera bai, behintzat.  

Entsegu orokorrari dagokionez, berriz, uztailaren 21ean izango da, 19:30ean, hura ere frontoi zaharrean. Eta danborradak berak uztailaren 25ean desfilatuko du, 22:00etan hasita. 

Oraindik bada lekua

Aste honetan helarazitako datuen arabera, momentuz, 162 lagunek eman dute danborradarako izena –bandako musikariak kontatu barik–. 

Danbor eta barril-jole konpainiak beteta daude; berehala bete ziren haiek. Dena den, oraindik bada lekua danborradan parte hartzeko, gremioen konpainietan desfilatzeko.

Horretan parte hartzeko interesa duenak mezua idatzi behar du honako helbide elektroniko honetara: soraluzekodanborrada@gmail.com.