Soraluzetarren lanekin batera, 6-12 urte bitarteko Ispasterko, Bilboko, Barakaldoko, Eltziegoko, eta Ozetako beste bost ikastetxetako 127 ikasleren lanek osatuko dute erakusketa. Astelehenean 10:30ean izango da inaugurazio-ekitaldia, eta irailaren 20ra arte izango da ikusgai, Guggenheimeko Hezkuntza-gunean. Artea ikasbide ekimenaren aurtengo emaitza da erakusketa hori.
New Yorketik etorritakoa
Artea ikasbide ekimena New Yorketik dator, Bilboko museoaren matrizea den New Yorkeko Guggenheim museotik. 70eko krisi ekonomikoaren testuinguruan, Artea eta halako "bigarren mailako" ikasgaiak kendu egin zituzten eskoletatik Ameriketako Estatu Batuetan. Hari buelta eman nahian, New Yorkeko Guggenheim museoak artea ikasgeletara eramateko ekimena abiatu zuen.
EAEn, Guggenheim museoa Bilbon zabaldu eta hurrengo urtetik aurrera gauza bera egin zuten. Museoko ordezkariek azaldu dutenez, Bilbokoa urrian inauguratu zutenez, lehen urtean ez zuten astirik izan programa lantzeko; baina hurrengo urtean hasi, eta dagoeneko 28 ikasturte daramatza abian.
Artea ikasbide ekimenak zenbait artista euskaldunen partaidetza ere badu. Haiek arduratzen dira ikastetxeetako lanketaz, aurten: Manu Muniategiandikoetxea, Alejandra Bueno, Ibon Garagarza, Zaloa Ipiña, Nerea Lekuona eta Ibon Saenz de Olazagoitia.
Museorako zein eskolarako
Plaentxi Eskolari dagokionez, ekimenean parte hartzen duten lehen aldia da. Urrian eskaera egin, baietza jaso eta Guggenheim museoan izan ziren xehetasunak eskuratzeko. Proiektuaren Soraluzeko gidaritza Manu Muniategiandikoetxea artista bergararraren esku laga, eta hura azaroan hasi zen eskolan lanean. 20 saio egin ditu.
Ikasgelan teoria eta patio handian praktika. Hala zatikatu dute proiektua. Muniategiandikoetxeak kontatu duenez, "artearen zabaltasuna" ikusteko, hainbat emakume artista izan dituzte ikasgai.
Praktikarako, berriz, askotariko materialekin esperimentatu eta sortu dituzte artelanak; gehienak, berrerabilitakoak, jasangarritasuna ere bada-eta Guggenheimen filosofiaren parte. "Planetak ikasten zebiltzanez, horren ingurukoak hasi ginen lantzen: kohetea, planetak, iretargia… Guztia egin dugu material berriak erabiltzen. Adibidez, arrautza-kutxekin pasta bat egin genuen, neuk ere probatu barik neukan sistema batekin. Lehenengoan ez zen ondo irten, usteldu egin zitzaigun, kiratsa zerion… baina halakoekin guztiok ikasi dugu. Planetaren dimentsioak ikusi, iretargiaren faseak irudikatu, ortu bat egin, aretoaren maketa bat ere bai… Izan ere, Guggenheimerako bai, baina eskolarako bertarako ere sortu ditugu gauzak".

San Mamesen edo Anoetan bezala
Manu Muniategiandikoetxeak 25 urte daramatza Artea ikasbiden. Ekimenak ikasleei artearekin ematen dien lotura nabarmendu du. "Umeak hiru bider joaten dira museora; eta, gainera, euren lanak han erakusten dira. Neuk, adibidez, sekula ez dut han erakutsi.
Esaten diet hori dela futbolaria baldin bazara San Mamesen edo Anoetan jokatzea bezala. Artearekin eta museoarekin inork ez daukan lotura bat ematen die, eta hori betirako da. Pentsa, esan ahal izatea: 'Nik Guggenheimen erakutsi nuen'. Sekulakoa da. Iazko datuen arabera, 1.300.000 pertsona pasatu ziren Guggenheimetik. Estatuan, zenbaki horiek Prado eta Reina Sofia museoek bakarrik dituzte.
Guggenheimen erakusteko ohorea ez ezik, programak museoekiko ezagutza ere ematen diela gaineratu du artistak: "Museora joaten dira erakusketak zelan aldatzen diren ikusteko, eta museoaren dinamika ezagutzeko. Esplikatzen zaie Guggenheim dela New Yorkeko museo bat, handik ekartzen dituztela erakusketa eta artista gehienak, artista euskaldun gutxi daudela… Ikusteaz bat, asko ikasten dute".