Berritasunekin dator BizikaleFest azoka, eguenean

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 15a

Eguenean, ekainaren 18an, Bizikale Merkatari Elkarteak udako azoka egingo du, BizikaleFest. 10:00etatik 21:00ak arteko azoka iragarri dute eta bertan, herriko hamar establezimenduren produktuak eta eskaintzak izango dira. Haiekin batera, zuzeneko erakustaldiak egingo dituzte hainbatek eta pintxoak prestatuko dituzte bertan.  

Eguenean, BizikaleFest azokan honako saltokien produktuak izango dira: RKL ile-apaindegia, Mabel ile-apaindegia, Kooperatiba, Autoservicio Amparo saltokia, Iratxo goxo-denda, Belarrak eta Triskel belar-dendak, Okelia eta Iñarra harategiak eta Todo a 100 saltokia.

Dendariek euren saltokiak eta eskaintzak izateaz aparte, arratsaldean. hiru saltokik erakustaldiak egingo dituzte, "tokiko profesionalen inspirazioa eta aholku praktikoak ezagutzeko zuzeneko erakustaldiak": 17:30etik18:30era, RKL ile-apaindegiak; 18:30etik 19:00etara, Belarrak loradendak eta 19:00etatik 20:00etara, Mabel ile-apaindegiak.

Jatekoa eta zozketa

Azoka borobiltzeko, jatekoa eta bonu-zozketa ere izango dira arratsalde partean. 

Jatekoari dagokionez, Okelia eta Iñarra harategiak arduratuko dira horretaz. Esandakoaren arabera, harakin bakoitzak bina pintxo berezi prestatuko ditu azokan izango den plantxa-sukaldetxoan, eta pintxo horiek erosteko aukera izango da. 18:00etan hasi eta 20:00ak arte izango da horretarako aukera.

Bonu-zozketari dagokionez, berriz, azokan erosten duten erosleei partaidetza emango diete 100 euroko bonu baten zozketan parte hartzeko. Zozketa azoka amaitutakoan egingo dute eta irabazleari telefonoz jakinaraziko diote saridun izan dela.