Herenegun, zapatua, Ezoziko zelaia ikusi zuten guztiak harrituta geratu ziren bertan zebilen kirolari mordoarekin. SoraGazteak Rugby Klubak antolatutako VII. Errugbi Egunak erakarrita, gainezka izan zen zelaia, lagun arteko errugbi giroan.
Batzuk partidak jokatzen zituzten bitartean, beste batzuk errugbi praktikak entrenatu zituzten, eta, beste hainbatek hirugarren denborarako otordu gozoa prestatzen jardun zuten goiz osoan. Gainera, jardunaldiak iraun bitartean, berotasuna arintzeko, hamaiketako freskoa izan zuten eskura.
Dominak eta opariak guztiendako
Topaketa borobiltzeko, berriz, bertaratu ziren guztiek pozik eta eskertuta hartu zituzten soraluzetarrek emandako opariak, domina bana eta poltsa bete jaki gozo. Eta hirugarren denbora ere gozo askoa izan zuten kirolariek. Hala, errugbiz zein bestela, etxera ondo aseta eta zapore onarekin bueltatu ziren guztiak.