Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Biltzarrean parte hartzeko aukerarik eman ez izana salatuko dute

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 16a

Atzo, 33 bat lagunek babestu zuen pentsioen aldeko elkarretaratzea.

Atzo, astelehena, pentsiodunen elkarretaratzean, Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Biltzarrean jarri zuten iparra. Gaur hasi eta eguenera bitartean egingo da topaketa, Kursaalen. Atzo jakinarazi zutenez, pentsiodunen mugimenduari ez diote bertan parte hartzeko aukerarik eman. Hori horrela, gaur, elkarretaratzea egingo dute han, “pentsio prekarioekin eta zaintza publiko eta kalitatezkorik gabe ez dagoela hiri lagunkoirik salatzeko”.

Gaur Donostian hasiko den biltzarra Osasunaren Mundu Erakundeak, IMSERSOk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak antolatu dute. Bi egunez, 60 herrialde baino gehiago elkartuko ditu zahartze aktiboaz, irisgarritasunaz eta hiri-diseinu inklusiboaz, zahartze osasuntsuaren sustapenaz… eztabaidatzeko, atzo esplikatu zutenez.

Gaineratutakoaren arabera, pentsiodunen mugimenduak biltzarrean parte hartzea nahiko zukeen arren, “ez Eusko Jaurlaritzak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez Donostiako Udalak ez digute bertaratzeko aukerarik eman”. Horren aurrean, protesta modura, gaur elkarretaratzea egingo dutela iragarri zuten.