Ekainaren 2an hasi zituzten Ezozi auzoko parkea eraberritzeko lanak eta goitik behera eraldatu dute esparrua.
Batetik, zabu berriak jarri dituzte: pendulu jolasa, sortzaileen etxola, zanko jolasa eta robiniazko hamakak ditu orain.
Bestetik, inguruan, besteak beste, jarlekuak eta kare-harri etzanak jarri dituzte eta, berdegune, zuhaixkak eta bestelakoak txukundu. Azken horien artean zuhaixka berezi bat ere izango da, joan den neguan, Amazonia gara ikuskizunean Porrotx eta Marimotots pailazoek herriari oparitutako pagoa.
Ekarpenak aintzat hartuta
Soraluzeko Udalak jakinarazi duzenez, iaz herriko hainbat umerengandik eta familiengandik San Andres auzoko parkearen prozesuan jasotako hainbat proposamen kontutan hartu dira Ezoziko parkearen diseinua egiterakoan; baita landa eremuan kokatuta egotearen garrantzia ere.
Horrekin batera, honako ezaugarriak indartzeko apustua egin dela esplikatu du: naturarekiko harremana sustatzea, esperimentazioa eta sorkuntza bultzatzea, sozializazioari eta hausnarketari bide ematea, mugimendu askea oinarri izatea, erabilera aukera zabala eskaintzea eta segurtasuna behar bezala bermatzea.