Soraluzeko zer margotu duzu? Zergatik?
Plumulaz marrazten dut, batik bat, eta, horrekin, ondoen geratzen diren motiboak harrizko eraikinak dira. Zenbat eta harri eta izkina gehiago izan, orduan eta joko handiagoa ematen du. Horregatik marraztu ditut Soraluzeko erdigunea, eliza, kanpandorrea, udaletxea, plaza, ibai ondoko etxeak, Ezoziko ermita…
Izatez, baina, Bergarakoa zara…
Bai. Soraluzeko lekuak bezala, inguruko beste herri eta leku batzuetako eraikinak eta paisaiak ditut marraztuta, baina Asigor tabernan Soraluzekoak daude ikusgai. Lekuetara joaten naiz, argazkia atera, eta gero, etxean marrazten ditut grabatuak zein plumulaz eginikoak. Lan mordoa ditut eginda, eta erakustea erabaki dut.
Hortaz, Soraluzen ez ezik, beste nonbait ere ipiniko duzu erakusketa?
Bai. Zumarragan, Arrasaten, Aretxabaletan, Oñatin, Bergaran eta Elgetan, besteak beste.
Herri guztietan erakusketak tabernetan izango dira?
Bai. Nahi dut lan bakoitza erakutsi berezko udalerrian, baina lanak ez dira erakusketa areto bat betetzeko bestekoak, tamaina txikiko lanak direlako. Horrexegatik, erakusketak ere hobe da formatu txikian egin, eta tabernetan egingo ditut. Grabatuez eta plumulaz egindako lanez aparte, olioz eta akuarelaz egindako lan batzuk baditut, baina gehien-gehienak dira grabatuak eta plumulaz egindakoak.
Orri-markatzaileak ere badaude ikusgai…
Bai, inguruko futbol taldeenak; Realarena eta Athleticena, adibidez. Eta Soraluzekoa ere bai.
Soraluzen erakusten duzun lehen aldia da?
Bigarrena. Orain dela 15-20 bat urte Soraluzeko Batzokian ipini nuen erakusketa, eta ia lan guztiak saldu nituen. Orain ere eros daitezke Asigorren daudenak. Ipinita dituzte prezioak.
Zaletasunez marrazten duzu, ezta?
Bai, nire kabuz. Ez dut arte ikasketarik eginda. Gustuko nuelako hasi nintzen, plumulaz, orain dela 25 bat urte. Gero, grabatuak egiteko ikastaroa egin nuen. Grabatugile oso onak zeuden orduan: Arteaga, Otaño… Orain ere segitzen dut marrazkiak egiten, egunero egiten dut zerbait; izan ere, lagaz gero, berriro hastea asko kostatzen da.