Zelako tailerra izango da? Erritmo jakin batzuk landuko dituzue?
Bai. Tailerrean Brasilgo erritmoak landuko ditugu, batukada formatukoak, baina baita rumba eta funk erritmoak ere. Horretaz gain, talde-lana entrenatuko dugu, instrumentu txikia nahiz handia izan norberaren garrantzia ulertzea eta sentitzea ere landuko dugu, eta hori gure egunerokotasunean zelan barneratu ere landuko dugu.
Perkusio tresnaren bat eraman behar dute partaideek? Badago partaidetza mugarik?
Instrumentu guztiak nik ekarriko ditut, Bartzelonako Tambolas Percussio Femenina emakumezkoen batukadatik. Ikastaroan, berriz, lekua dago 25 bat emakumerentzat. Parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izan behar da, baina hortik gora ez dago mugarik. Partaideek ekarri behar dutena gogoa da!
Parte hartzeko ezaugarriren bat bete behar da?
Musikalki ez. Bestela, pazientzia eta gogoa, ez da besterik behar.
Iaz parte hartu zutenek ere parte har dezakete?
Bai, noski! Errepikatzeko gogoz badaude, seinale ona da, gainera! Eta horrek prozesua ere errazten du, normalean.
Besterik nahi baduzu esan…
Nahiko nieke eskerrak eman joan den urteko partaide guztiei; izan ere, aurten tailerra egitea posible izango da eurek egindako ebaluazioari esker. Horrez gain, oso-oso polita izan zen osatu zen taldea, eta esperientzia benetan aberasgarria izan zen niretzat ere, eurek erakutsi zidaten guztiarengatik.
Eta, nola ez, Maite Quintanillari eta Esther Cruzi eskerrik asko, berriz ere nitaz fidatzearren.