Giro eta talde ederra sortu da Soraluzeko Batukada feministaren bueltan

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 21a

Atzo goizean, zapatua, Herri Antzokiko paretek bibratu egin zuten barrua betetzen zuten doinu sarkorrekin. 16 emakumek, borobilean jarrita, Nerea Mendia musikariaren jarraibideak aintzat hartu eta gogotik astindu zituzten danborinak, danborrak, kanpaiak zein batukada osatzen duten bestelako perkusio instrumentuak. Haien erritmora dantzatuz, musika ikasgaiak bizitzarako ikasgai ere bilakatuta, giro ederra transmititu zuen taldeak.

Gaur, domeka, egingo dute bigarren saioa eta uztailaren 11-12an borobilduko dute topaketa. Gero, jai-bezperako asteburuan, uztailaren 19an, kalean erakutsiko dute ikasitakoa.