Igogailua geldi, bingoa bertan behera eta babesleku berriak Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 23a

Alarma gorriaren bigarren eguna dugun honetan, beroaldiaren eragina handitzen hasi da. Horren adibidea da erretiratuen etxean bertan behera laga dutela gaurko bingoa, eta, Plaza Zaharreko igogailua ezin dela erabili. Atzo, berriz, urteko egunik jendetsuena izan zuten Araneko igerilekuan.

Jendetsua izaten den bingoari dagokionez, atzo hartu zuen erabakia Itxaropena elkarteko zuzendaritzak eta kartel bitartez ohartarazi dute gaur ez dela asteroko bingorik izango. 

Plaza Zaharreko igogailuari dagokionez, berriz, bero handiarekin blokeatuta geratzen dela aintzat hartuta, hura ez erabiltzeko abisua jarri dute igogailuaren kanpoko aldean.

Bestalde, Udalak gaur ere eman du beroari aurre egiteko babeslekuen berri, eta, atzokoekiko aldaketatxo pare bat egin ditu.

Batetik, gogorarazi du Araneko frontoia herritar guztiei irekia egongo dela eta gaineratu du, hori horrela, baloiarekin jolasteko esparrua mugatuta egongo dela.

Horrez aparte, atzo Itxaropenako aretoa babesleku moduan egokitu zuen arren, gaur, hura ez, baina Kalebarren 8ko goiko gela erabiltzeko aukera izango da 16:00etatik 20:00ak arte; iragarri du aire girotua izango duela. 

Oro har, honakoak dira Udalak iragarri dituen babeslekuak:

  • Udal liburutegia (10:00-13:00), aire girotuarekin.
  • Arane kiroldegia (08:30-21:30)
  • Kiroldegiko frontoia irekita egongo da herritarrentzako (10:00-20:00)
    • Udalak gogorarazi nahi du frontoia herritar guztiei irekia egongo dela, hori horrela, baloiarekin jolasteko esparrua mugatuta egongo da.
  • Kalebarren 8ko goiko gela (16:00-20:00), aire girotuarekin.
  • Sapako aterpea eta Frontoi zaharreko estalpea
  • Ur-txorrotak (10:00-21:00)
  • Sagar errekako potzua (Kokapena hemen)

Igerilekua topera

Osterantzean, jendea ahal den moduan dabil beroari aurre egiten, etxean irten barik asko, eta beste asko bainutokietan. Atzo, adibidez, Sagar Errekako putzua aukeratu zuten hainbat gaztek, baina beste askok Araneko igerilekura jo zuten eta bertan esan zutenez, urteko egunik jendetsuena izan zuten.