Atzoko elkarretaratzearen bueltan esan zutenez, “buru-belarri” ari dira euskal presoen aldeko udako eta datozen jaietarako mobilizazioak eta dinamikak prestatzen, San Ferminetan, Aste Nagusietan eta hondartzetan mobilizatzeko. Hala ere, gogorarazi zuten Arrasaten iragarri moduan, udako azkenak izatea nahiko luketela.
"Udako agenda ondo betea dator eta, datozen egunetan iragarriko ditugun mobilizazioak, hamarkadetan zehar iraunkorki antolatu ditugun azkenak izatea nahi genuke. Justuki, horrek erakutsiko lukeelako sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten jarraitzen duen Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea".
Aurrerapausoak espero
Halaber, gogora ekarri zuten ekainaren hasieran, Arrasaten 700 pertsonatik gora elkartu zirela, eta mobilizazio hartan, “orain 12 urte hartutako konpromiso eta helburuetan berretsi” zirela: “biktima guztien errespetuan eta aitortzan oinarrituko den, eta Euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herrian”.
Gaineratu zutenez, “helburura iritsi bidean, aurrerapauso handiak” ikusi dituztela aitortu zuten, eta, “datozen hilabeteetan, espetxe politika arruntera bidean, aurrerapauso handiak espero eta fase historiko bati amaiera emateko moduan egon gaitezkeela aipatu” zutela, “dagoeneko gehiegi luzatu den auziari konponbidea eman beharrean alegia”.