Ekitaldi hunkigarria Asier eta Iñakiren Omenezko Pilota Txapelketaren mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko ekainaren 28a

Aurten Asier eta Iñakiren Omenezko Pilota Txapelketak 25 urte bete dituela eta, atzo herri-bazkaria eta eskertza ekitaldia egin zituzten Frontoian. Tartean, momentu hunkigarriak ere bizi izan ziren bertan.    

Atzo, ehun lagun inguru batu ziren pilota txapelketaren mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko Frontoian egin zuten bazkarian. Bizimina elkartekoen paella jan ostean, txapelketaren ibilbidearen errepasoa egin zuten, gogoraraziz 2001ean San Andres Pilota Txapelketa moduan sortu zen kirol ekimenak izena mudatu zuela 2002an, hilabete batzuk lehenago, 2001ko irailean, Asier Heriz eta Iñaki Saez, txapelketaren sortzaile izan ziren herritarrak, auto istripuz hil zirelako Avilako espetxera bidean. Harrezkero, pilota txapelketak kirol jardunaz gain, bi herritarrak omendu eta dispertsio politikaren aurkako aldarria ere egin izan du.   

Ekitaldian, hogeita sei urteotan modu batera edo bestera txapelketan parte hartu duten zenbait pertsona eskertu zituzten, oroigarri bana emanez. Besteak beste, ondorengo pertsonak: lehenengo edizioetan antolaketa lanetan jardun zuten Mikel Ostolaza eta Unai Larreategi, 2006an Madrileko espetxean bisita egitetik bueltan auto istripua jasan zuen Mikel Argarate, edizio guztietan hutsik egin gabe txapelketan parte hartu duen Ander Oñate, urteotan sari moduan banatu diren egurrezko garaikurrak egiten jardun duen Jon Mendizabal Azalia, urtez urte sariak banatzen jardun izan duten Iratxe Benito eta Mari Fran Aizpuru eta urte luzetan antolaketa lanetan eta parte hartzen diharduen Asier Herizen anaia Koldo Heriz.    

Azkenik, bazkaritan izan ziren guztiek lagun arteko argazki bat atera zuten elkarrekin eta ondoren, barru txapelketa eta musika emanaldiak (Cafe Dupon eta DJ Mutilaundi) izan zituzten gauera arte luzatu zen pilotazaleen jaian.