Sexu-orientazio eta genero-identitate askatasuna aldarrikatu dute LGTBIQ+ Harrotasun Eguna den honetan

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 28a

Gaur, ekainak 28, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko nazioarteko eguna izanik, Harrotasunaren Eguna aldarrikatzeko elkarretaratzea egin da Plaza Barrixan. Ostadarraren koloreak dituen bandera eskuetan, elkartu dira 55 lagun pasa bertan. Udaletxeko balkoiak ere -eta herriko beste hainbat- apaindu dituzte LGTBIQ+ kolektiboaren banderarekin. 

Gaurko elkarretaratzea deitzeaz bat, Soraluzeko Udalak, aho batez onartutako adierazpen instituzionalaren bitartez, LGTBIQ+fobia baztertu eta pertsona guztien ssxu-orientazio eta genero-identitate askatasuna eta eskubideak defendatzeko, honako konpromisoak hartu ditu:

  • Herriko LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ezagutzen jarraitzea, haien beharrei erantzuteko politika publiko egokiak garatuz.
  • Herriko LGTBIQ+ pertsona, kolektibo eta erreferenteekin elkarlana sendotzea, haiekin batera etorkizuneko ekintza-planak eraikitzeko.
  • Berdintasuna, aniztasuna eta diskriminaziorik eza udal jarduera guztietan txertatzen jarraitzea, ikuspegi feminista eta intersekzionala oinarri hartuta.
  • Herriko espazio publiko, hezitzaile, kultural eta komunitarioak pertsona guztientzat seguruak eta inklusiboak izan daitezen lanean jarraitzea.
  • Sentsibilizazio, memoria eta ikusgarritasun ekimenak sustatzen jarraitzea, Soraluze askotarikoago eta bidezkoago baten alde.

Adierazpen instituzional osoa HEMEN irakurgai.