Popa, euskal kantak, tradizioa… denetik uztartuko du Ezoziko Ama Abesbatzak zapatuan eskainiko duen “kontzertu freskoak”

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 2a

Zapatuan, Ezoziko Ama Abesbatzak udako kontzertua eskainiko du. Denetariko kantuz osatutako errepertorioa ondu dute, Ameriketako Estatu Batuetako pop kantetatik hasi eta kantu tradizionalagoetaraino doan egitaraua. 19:00etan hasiko da, eliz atarian. Gainera, nobedade handi batekin datoz abesbatzakoak, zuzendari berria: Víctor Galván. Valladolidekoa da bera, eskarmentu handiko zuzendaria eta musikaria. 

Etzi, zapatua, Ezoziko Ama Abesbatzak eskainiko duen kontzertuak honako errepertorioa izango du:

  • Txoria txori / Mikel Laboa (Konp. Víctor Galván)
  • On suuri sun rantas autius / Traducional Finlandia (Konp. Matti Hyökki)
  • Mambo italiano / Bob Merrill
  • Kom / Monica Åslund
  • Al tambor / Tradicional Panamá (Konp. Víctor C. Johnson)
  • Maitia nun zira / Tradizionala (Konp. José Uruñuela)
  • Hallelujah / Leonard Cohen (Konp. Roger Emerson)
  • Can’t help falling in love / Elvis Presley (Konp. Roger Emerson)
  • Los cacharros / Marta Ariño

Munduko musika

Victor Galvanek, Ezoziko Ama Abesbatzako zuzendariak halaxe deskribatu du zapaturako prestatu duten kontzertua:

“Egitaraua askotarikoa izango da. Munduko leku askotako musikarekin osatuta. Euskarazko bi kantu ere baditu; bat, nik egindako moldaketekin, Mikel Laboaren Txoria txori, gitarra eta abesbatzarendako. XYK Singers taldeko hainbat kiderekin egin nuen; izan ere, urte asko daramatzat Euskal Herria, hemengo musika, kultura... maitatzen eta hemen abesten. Orain, nik egindako moldaketa hori Soraluzeko abesbatzari ekarri diot, opari modura-edo, eta uste dut asko eskertzen dutela. Euskarazko beste pieza Maitia nun zira da. Bigarren letra eta guzti abestuko dugu, dagokion euskara ahoskerarekin. Finlandiako pieza bat ere badago, herrimina transmititzen duena, norbere jaioterriaren oroitzapena transmititzen duena. Badaude beste pop pieza batzuk: Elvis Presley, Leonard Cohen… Ameriketako pop kantetatik hasi eta kantu tradizionalagoetaraino doan egitaraua dauka”.

Ibilbide luzeko zuzendaria

Ezoziko Ama Abesbatzako zuzendari berriari dagokionez, 2025eko irailetik dihardu kargu horretan. Baina, Victor Galvanek (Valladolid, 1987) 2025eko urtarrilean izan zuen Soraluzeko abesbatzarekin lehen harremana; Aitor Garitano ordezkatu zuen orduan. Barrenaren elkarrizketan azaldu zituen xehetasunak:

Zelakoa izan zen abesbatzarekin lehen kontaktu hura?

Oso ondo joan zen. Potentzial handia zutela ikusi nuen. Esan nien gaitasun handiko abesbatza dela, nahiz eta oso handia ez izan. Maisu ona izan dute, Aitor, urteotan lan bokal handia egin du; beraz, oso herentzia ona jaso dut. Kuriosoa da, beldur apur batekin nentorrelako Gipuzkoa sakon honetara, ez baitut euskaraz hitz egiten; bi berba bakarrik esateko gai naiz. Baina uste dut eurek ere eskertu dutela nire kultura, nire izateko modua eta nire ikuspuntua ekartzea. Kanpokoen esperientziak esploratzea aberasgarria dela uste dut.

Soraluzekoaz aparte, Lasarteko eta Valladolideko abesbatzak ere zuzentzen dituzu, ezta?

Lasarteko abesbatza orain dela 3 urtetik zuzentzen dut. Nagusiak dira abeslari guztiak, eta oso pozik gaude elkarrekin. Bestalde, XYK Singers taldearekin ere badihardut. Emakumeen talde bokala da hura, eta, orain dela 14 urte Valladoliden neuk sortu nuen arren, gaur egun, taldekide asko, ni barne, kanpoan bizi gara. Oso noizbehinka elkartzen gara, akaso 3-4 hiletik behin, astebeterako, baina oso modu intentsiboan lan egiten dugu, goizetik gauera arte. Haiekin lan profesionalagoa egiten dut, zelanbait esatearren.

Nora proiektua ere azaltzen da zure izenarekin lotuta; zer da hori?

XYK Singers konpainiaren azken ikuskizuna. 3 urtean ibili gara Nora proiektua-n lanean, eta maiatzean estreinatu genuen, Valladolideko Kaleko Antzerki eta Arteen Nazioarteko Jaialdian. Primeran ari da funtzionatzen; sarrerak agortzeaz aparte, Espainiako zein atzerriko programatzaileen interes erabatekoa erakarri du, berritzailea delako, askotariko arte eszenikoak uztartzen baititu: kantu polifonikoa, antzerki fisikoa eta dantza garaikidea.

Halakorik ekarriko duzu Soraluzeko abesbatzara? Dantza? Performancea?

Niretzat, musika korala herri edo zaletasun batetik harago doa. Pertsona bat, abesbatza batean hasi eta lehen aldiz harmonia entzuten duenean, Eric Withacre konpositoreak zioen moduan, mundua zuri-beltzean ikustetik teknikolorean ikustera pasatzen da. Abesbatzako abeslariak kantari baino gehiago bihurtzen dira, bizitzaren zati bat eskaintzen diote abesbatzari; maitemintzea bezala da, droga txiki moduko bat da. Kantua sentimenduak espresatzeko modu bat da. Eta hori guztia lantzeak eragiten du ikusleei aurkezten zaion horrek indar handiagoa hartzea. Soraluzeko abesbatzarekin oraindik ez dut halakorik egin, poliki-poliki lantzea gustatzen zaidalako. Udako kontzertuan horren printzatxo bat ikusiko da, hala ere. 

Zenbat urte daramatzazu taldeak zuzentzen?

22 urte daramatzat abesbatzak zuzentzen; hala ere, orain ari naiz karrera ikasten, Musikenen; aukera hori izanda, animatzea erabaki nuen. Bi urte daramatzat eta bi falta zaizkit. Oso pozik nago, oso nota onekin, eta, nahiz eta lehengotik ibilbide luzea izan, seguru nago asko ikasiko dudala.  

Joan den astean Madrilen kolaborazio bat egitetik etorri zara, proiektu asko dituzu esku artean, eskarmentu luzea zuzendari moduan... Zurea ez da curriculum handia Soraluzekoa moduko abesbatza txiki batendako?

Ezta gutxiago ere. Soraluzek ez du merezi zuzendari kaskarragoa txikiagoa izatearren; kontrara, Soraluzek merezi du dagoen onena.