Bihar eta etzi, grebak Gipuzkoako hainbat egoitzatan

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 8a

Grebaren pankarta Soraluzeko Mesedeetako egoitzaren parean.

ELA sindikatuak deituta, bihar eta etzi, greba egingo dute Gipuzkoako hainbat egoitzatan, tartean, Soraluzeko Mesedeetako egoitzan. Grebarekin batera, mobilizazioak ere iragarri dituzte. %100eko lan kontratuak, soldata arrakala ezabatzea, lan kargak arintzea eta lantaldea handitzea eskatuko dute.

Esplikatu dutenez, azken negoziazio mahaian ez zen proposamen berririk egon patronalaren aldetik, eta, ELA sindikatuak jakinarazi du ez duela mugimendu berririk egingo harik eta eskaintza berririk edo aldaketarik jaso arte.

Halaber, Gipuzkoako Diputazioari buruz, jakinarazi dute haiekin elkartu direla eta “argi eta garbi” esan dietela “beraien garaia” dela, tokatzen zaiela patronalarekin eta langileen ordezkariekin “elkartu edo gutxienez interlokuzio bat edukitzea, eta interlokuzio horretan diru gehiago jartzea benetan hitzarmen hau negoziatu eta hitzarmen horretan bertako edukiak egon ahal izateko”.

Espero dute kasu egitea, eta, iragarri dute bitartean mobilizazioekin segituko dutela. Bihar, eguena, Donostian manifestazioa egingo dute Bulebarretik abiatuta 10:30ean eta etzi, Ordizian egin dute hitzordua, 11:00etan udaletxetik hasita.