BIDEOA

Zapatuan, 'Tximas Eguna' antolatu dute Soraluzen, Tximas animalien santutegiari laguntzeko

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 9a

Etzi, zapatua, Bergarako Basalgo auzoan dagoen Tximas animalien santutegiari laguntzeko Tximas Eguna izango da Soraluzeko gaztetxean. Animalien aterpetxe horrendako dirua batu nahi dute. Izan ere, 300 bat animalia zaintzen dituzte Tximasen, musu-truk eta inolako dirulaguntza barik. Laguntza behar duten animaliak hartzen dituzte, berrogeialdian jarri, parasitoak hil, identifikazioa jarri, eta berriro ere libre laga ezin den kasuetan, bertan izaten dituzte, erretiro gozoan, hil arte. Segidako bideoan bertatik bertara ezagutu dugu Tximas.

Uztailaren 11n, zapatua, Soraluzeko gaztetxean jaialdia egingo dute, Jone Arruabarrenak (Soraluze, 1991) antolatuta. Musika, jan-edana, ikus-entzunezkoa, merchandising-a… denetarik izango da eguerditik ordu txikiak arte, guztia kausa ezohiko baterako dirua batzeko: Tximas animalien babeslekuarentzat. 

Ahuntzak, oilarrak, astoa…

2022an sortu zuten Tximas babesleku-santutegia Angel Artetxek (Zestoa, 1978) eta Antero de Javierrek (Bilbo, 1969), eta, orain dela hamar hilabete, Bergarako Basalgo auzoko Telleria baserrira lekualdatu ziren, han leku aproposagoa dutelako babeslekua eta bizitokia batera izateko. 

Zestoan zituzten 250 animalia eraman dituzte Basalgora, eta orain, 300 bat daude. "Leku handiagoa, animalia gehiago; baina har dezakegunaren mugaren mugan gaude", diote.

Ahuntzak, ardiak, ahateak, oiloak, oilarrak, usoak, poneyak, astoak, tortola bat, zaldiak, antzarak, untxiak, txakurrak eta katuak dituzte. "Txakurrak eta katuak oso salbuespen gisa hartzen ditugu, haiendako badaude-eta aterpetxeak", esan dute.

Artetxek eta De Javierrek, batik bat, baserrietako eta etxaldeetako animaliak artatzen dituzte. "Gizartea oso espezista da. Txakurrak eta katuak etxean bat gehiago izango balira bezala ditugu, eta, aldiz, ez zaigu axola jaten ari garen behiak izan duen bizimodua, eta txakurrek eta katuek bezala sentitzen dute behiek. Adibidez, hiltegietan kristalak jarriko balituzkete… Argi dago makroetxaldeak kalte handia egiten ari zaizkiela animaliei, ingurumenari eta pertsonei; izan ere, jaten ari garen okelak antibiotikoak, antiinflamatorioak, hormonak… dauzka. Ni baserriko semea naiz [Angel], eta badakit horretaz. Diru asko mugitzen du, negozioa da dena. Guk nahi duguna da errespetua izatea animaliekiko, haiek ere bizi nahi dutelako. Guk ez dugu animaliarik jaten eta ez gaude animaliak esplotatzearen alde".

Erretiro gozoa

Tximas babeslekuan laguntza behar duten animaliak hartzen dituzte, berrogeialdian jarri, parasitoak hil, identifikazioa jarri, eta berriro ere libre laga ezin den kasuetan, bertan izaten dituzte, erretiro gozoan, hil arte. 

Tximasen bizi da, adibidez, Rosalia ardia, urteetan artilea eta azazkalak moztu barik izan zutena; Aingeru akerra, tratu txarrak ematearren Zaragozako gizonezko bati kendu, hiltzat eman eta botatzera zihoazena; Cadiztik eraman zuten Mani ahuntza ere bada; badituzte ere borrokarako erabilitako bi oilar, batek buru zati bat galduta, eta bakoitza bizitoki baten, ezin baitira beste ezerekin bizi duten traumaren ondorioz; eta hiru hankadun Sari txakur leial eta bizia ere Tximasen bizi da.

Hogei bat boluntario

Batez ere, sare sozialen bitartez jotzen du jendeak Tximasera; baita Espainiako babesleku-santutegi sarea baliatuta ere. Tximas moduko 30 bat babesleku daude –Euskal Herrian bakarra–, eta boluntario asko inguruan. Tximasek, adibidez, hogei bat boluntario ditu. Gertukoenak Soraluzetik eta Arrasatetik doaz; gainerakoak Usurbil-Donosti ingurukoak, Bilbo ingurukoak edo Nafarroakoak dira. 

Lan kontuengatik, asteburuetan joaten dira boluntario gehienak, eta garbitasunak, itxiturak, konponketak eta halakoak izaten dituzte zeregin. 

Dirulaguntza barik

Jone Arruabarrena soraluzetarrak, adibidez, orain dela hainbat hilabete ezagutu zituen Artetxe eta De Javier, Eibarren, zezenketen kontrako manifestazio batean. Arruabarrenak betidanik nahi izan du animalien santutegi batean lagundu, eta, Tximas ezagutu zuenean, Zestoan hasi eta Basalgon segitzen du.

Fisikoki ez ezik diru aldetik ere lagundu nahian, jaialdia antolatzen dihardu Soraluzen, Tximas santutegiak ez baitu inolako dirulaguntzarik, ezta ordainpeko langilerik ere. Finantzaketa donazioetatik eta Artetxeren soldatatik datorkio, eta De Javierrek dihardu langile, botikak eta arreta konstantea behar dituzten animaliak zaintzen etengabe. Halaber, jaialdiarekin zera lortu nahi dute, "inguruko herrietako jendeak ikustea hau dagoela hemen. Egongo da jende gehiago halako proiektu batean parte hartu nahi duena", dio Arruabarrenak.