Zer ez dago Oreka Art galerian. Serigrafiak, materia askorekin egindako eskulturak, margolanak…
Pareta eta bazter guztiek bete-beteta luzitzen dute, lasai eseri eta galeria handietan moduan, denbora luze emateko moduan.
Bertako eta urrunagoko artisten lanak daude, izen handikoak tartean, Alberto Ramirezek bildumagile, galerista zein artista ibilbidean eskuratu, erosi zein berak sortu dituenak. “Ez daude diren denak”, azpimarratu zuen, dituen denak ateratzea ezinezkoa baita, batik bat, espazioak mugatuta. Hala ere, altxorra da Alberto Ramirezek ikusgai jarri duena, bost hamarkadatako lanaren mostratxoa, zelanbait esatearren.
Diego Montalban, Zumeta, Iñigo Arregi, Ricardo Azkargorta, Juan Manuel Arruabarrena, Koldobika Jauregi, Udane Juaristi, Biderbost, Ainhize Txopitea, Aitor Etxeberria, Arturo Andrade, Rafael Peñalver, Altuna, Akizu, Elorza, Baroja, Jone Telleria, Vitalia Sumailova, Martxe Arana, Manolo Oyonarte… amaigabekoa da ikusgai dauden artista guztien lanak.
"Ixten", baina ez betiko
Eta esan daiteke azken aukera dela horiek denak ikusteko, Ramirezek iragarri zuenez, Oreka Art galeriaren orain arteko jarduna “ixten” ari baitira. Galeristak gaineratu zuen, hori bai, ez dela betiko agur bat, “ze galeria hau orain ikusten duzuen moduan geratuko da, eta seguru aski, jarraituko da erakusketaren bat egiten, baina ez azken urteotan eta lehenagoko aretoko erritmoan”.
Gogora ekarri zuen oraingo Oreka Art galerian 60tik gora erakusketa egin dituztela, urtean 11, eta lehenagoko galerian zein Ermuako Lobianon egindako erakusketak batuta, 140tik gora izan dira. Horien bueltan egin dira kartela, bideoak, argazkiak… Datozen hilabeteotan, lan horren guztiaren errekopilatorioa egin nahi du Ramirezek, oroitzapenerako gera dadin.
Oreka Art galerian zabalik dagoen erakusketa irailaren 1era arte izango da ikusgai.