Santiago eta Santa Ana jaiak 2026 - Soraluze

"Rap klasikoaren sustraiak ditu diskoak, baina gure erara moldatuta; gure esentzia du"

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 20a

Jaietako ekitaldien artean, gazteen txosnagunean kontzertua emango du Polo Opuesto Soraluze-Eibarko taldeak. Uztailaren 23an izango da, 23:00etan. Extinto izenburuko disko berria dutela igoko dira oholtzara. Ekainaren 19tik eskura daiteke Mikel Oregi (Soraluze, 1998), Ina Peñalba (Soraluze, 1997) eta Martin Recalde (Eibar, 1997) musikarien azken lana. Autograbatu egin dute, Jondar Plataren laguntzarekin, eta azalaren diseinua Xabier Jauntsaratsek egindakoa da.

Zergatik deitzen da Extinto disko berria?

Motibo handirik ez dago. Ikusita zelan dagoen panorama gaur egun, lehengo zerbait egiten ahalegintzen gara gu. Gustatzen zaiguna lehengo rap klasikoa da. Mikeli okurritu zitzaion izena, gustatu egin zitzaigun, eta halaxe.

Panorama aipatzen duzue; zein panorama?

Musika urbanoaren panorama. Dena modernizatu egin da. Momentu batean modan ipini zen rapa, eta zerbait modan ipintzen denean askoz ere komertzialago bihurtzen da. Guri hori ez zaigu hainbeste gustatzen; guri raparen sustraiak edo hasierakoa zena gustatzen zaigu. Hori plasmatu nahi izan dugu. Baina ez da hain erromantikoa izena, ez du misterio handirik.

Diskoa bera zelakoa da?

Musika aldetik klasikoa da, baina gure erara moldatuta. Sustraiak lehengoak ditu, baina, nolabait, gure erara eginda; gure esentzia dauka.

Txertoan grapheno, KM 0, Sí o no... dira kantuetako batzuk. Zenbat eta zelakoak ditu?

Hamar kantu dira. Denak onak; kar-kar. Nahiko arinak dira, ez dute sakontasun handirik. Nahiko banalak; buelta handirik ez diogu eman buruari. Disko erraza da entzuteko. 

Zenbat kopia atera dituzue? Eta non eskura daiteke?

125 kopia, oraingoz. Lehen edizioa; kar-kar. Spotifyn, Youtuben… denean eskura daiteke. Fisikoan, berriz, jaietan, txosnan izango da salgai, eta giltzarrapoak eta kamisetak ere izango dira.

Ekainaren 19az gero dago diskoa kalean; zelako harrera izan du?

Jendeak ondo hartu du. Urte eta erdiko prozesua izan da. Geure lagun rapzaleek esan dute ederto dagoela, baina oso rap-zaleak dira haiek. Nire ustez [Martin], haien iritziak gehiago balio du, baina diskoa saltzeko ez.

Kontzertua joko duzue jaietan. Iazkoak arrakasta izan zuen.

Bai, urtean bat; kar-kar. Iaz, euria egin zuen, baina ondo joan zen. Kantu berriren bat jo genuen. Aurten, disko berria aurkeztuko dugu, baina kantu zaharrak ere bai. Sorpresak egongo dira. Iaz ere egon ziren. Aurten, beste buelta bat emango diogu kontzertuari. North Schooleko lagunak etorriko dira, T 90, EMEKA, Renk CA. Eta intro sorpresa egongo da, adibidez.

Urtean kontzertu bakarra emango al duzue? Ez zenukete nahiko gehiago eman?

Espero dugu zerbait gehiago egitea. Baina orain oporrak hartuko ditugu. Disko honekin urte eta erdi eman dugu. Irailetik aurrera hasiko gara berriro ere, eta ikusiko da. Gehiago irtengo dira, seguru. Gustura hartzen da ostiraletan elkarrekin geratu eta... [Ina] Gainera, orain, onerako edo txarrerako, baina gure artean elkar ezagutzen dugu.

Besterik nahi baduzue gaineratu...

Kariño handiz egindakoa dela diskoa. Jendeak entzun dezala, gerturatu dadila guregana eta feedbacka eman diezagutela [Ina]. Eskerrak denoi gure kontu hau babestearren, gu ere pozik gaude eta [Mikel]. Eta disfrutatu nahi duena etor dadila kontzertura, diskoa entzutea baino hobea da [Martin]. Abestu egiten dugu benetan. Eta hurrengoaren zain egon daitezela. Bestalde, esan beharra dago oraindik musika lokalen zain gaudela. Gure estudio gaineko gizona jota aspertuta dago gurekin.