Santiago eta Santa Ana jaiak 2026 - Soraluze

Iaz baino konpainia gehiagorekin desfilatuko du danborradak Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 22a

Atzo, martitzena, egin zuen danborradak entsegu orokorra zapatuko hitzorduari begira eta dagoeneko hasi dira zapaturako atzera kontaketarekin. 200 lagun baino gehiagok desfilatuko dute aurten, eta berritasunekin etorriko da danborrada, besteak beste, gazte gehiagorekin eta konpainia bat gehituta. Osterantzean, 22:00etan abiatuko da Txurrukenetik, hiru geldialdi egingo dituzte, SAPAn atsedenaldia, eta aurten bai, aurten Gabolatseko zubi berritik pasatuko dira.

Berritasunekin etorriko da danborradaren zapatuko hitzordua. Adibidez, gaztetuta ikusten da taldea; horixe diote partaide beteranoek ere, pozik, gazte gehiago egoteak danborradaren ondorengotzan lagunduko duelakoan. "Jende gehiago dago, gazte gehiago eta danborrak jotzen irtengo den jende gehiago", esplikatu dute antolatzaileek eurek ere.

Konpainia bat gehiago

Kopurutan, 170 bat pertsonak osatuko dute danborradaren aurtengo desfilea. Eta konpainia berri bat izango du: baserritarrena. 

Izan ere, danbor-jole gehiago dira, eta ez dute nahikoa jantzi guztiek gudari moduan desfilatzeko; hori horrela, danbor-jotzaileetako batzuek baserritar jantzita desfilatuko dute, baserritarren konpainia berria osatuko dute eta. Hartara, guztira, hamahiru konpainia irtengo dira, iaz baino bat gehiago –ondoan, konpainia guztiak taulan–. 

Musikariei dagokienez, hor ere kopuru polita elkartuko da, 30 bat lagunek osatuko baitute banda; soraluzetarrekin batera, arrasatearrak, bergararrak, eibartarrak eta tolosarrak izango dira, besteak beste. Guztien zuzendari izango dute Andoni Ariznabarreta Burunza. 

Hori horrela, partaide guztiak batuta, 200 lagun baino gehiagorekin desfilatuko du danborradak. 

Zuzendari eta banderadun berriak

Kopuruez aparte, bestelako berritasun batzuk ere izango dira aurten. 

Batetik, barrilen zuzendaria; aurten, Deiene Gisasola ari da Luis Urizarren ordez gidari lanak egiten; eta lehenengo aldiz izango da barrilen zuzendaria emakumezko bat. 

Bestetik, berriak izango dira banderadunak ere: Leire Mendizabal eta Damaris Ojeda. Azken hori iaz kantineren zuzendari izan zen. 

Danborren zuzendaria, berriz, azken urteotakoa izango da: Unai Larreategi.

Ez kantinerarik, ez apaizik

Kantinerekin lotuta, hor ere bada berritasunik, aurten ez baita izango oinezko kantinerarik. Eta ez da izango ere apaiz figurarik danborradan.

Osterantzean, kanonista ibiliko dira hiru lagun, hirurak beteranoak, Oier Cerrejonek, Leire Elizburuk eta Enaitz Oruesagasti Bizkai-k errepikatu egingo baitute iazko esperientzia.

Gabolatseko zubitik

Danborradaren gainerako jakin beharrekoei dagokienez, ibilbideak ere badu berritasun bat, Gabolatseko zubi berritik pasatuko baitira lehen aldiz; iaz ere nahi zuten hori, baina ez zen posible izan, obra bukatu barik zegoelako. Osterantzean, ibilbidea ohikoa izango da. Txurrukenetik abiatuko dira, 22:00etan, eta, bidean hiru lau geldialdi egingo dituzte, Atxurin, Zubi Nagusian eta Plaza Zaharrean joaldiak eginez, eta SAPAn atsedenaldia.

'Sekula ere', 'Zezenak dira'…

Azkenik, danborradan joko dituzten piezak iazkoak izango dira. Soraluzeko hiru: Sekula ere, Zezenak dira eta iaz estreinatu zuten Atxolin; Eibarko Pantxika pieza; Debako martxa; Azpeitiko Txokolo; Tolosako Artillero; eta Donostiako lau: Martxa, Diana, Tatiago eta Iriyarena.