Zenbat eta zelako erraldoi berriak izango ditu Soraluzek?
Bi erraldoi estreinatuko dira; lehen aldiz kalera uztailaren 25ean aterako ditugu, musikariek lagunduta. Aurkezpen ekitaldian azalduko da zeintzuk diren, zein izen duten eta zergatik aukeratu diren. Erraldoiak Xabier Mendizabal Vitoriano oñatiarrak egin ditu, eta harekin lantaldean aritu dira Mari Jose Carmona Moyano joskina, Joanes Diez Mateos arotza eta Ane Albisu Iriarte jantzien diseinuan aditua. Kalejiraz gain, dantzaren bat ere prestatzen ari gara.
Zergatik erraldoiekin batera konpartsa sortzea?
Ezinbestekoa da. Erraldoiak eduki baina haiek nork dantzaraziko ez badago, alferrik gabiltza. Ezinbestekoa da erraldoiak biziarazteko dantzaraztea, eta horretarako behar da konpartsa, dantza egiteko eta musika ipintzeko. Hogei bat lagunek osatzen dugu, momentuz, konpartsa. Dantzan eta laguntzen hamabi bat, eta musikariak. Erraldoiekin dantzan egitera, batez ere, 15-17 urte bitarteko gazteak animatu gara, eta guraso gazteak; eta musikariak dira gaiteroak, txistulariak eta danbor-joleak.
Erraldoiak erabiltzeko ikastaroak egin izan dira?
Arrasatera eta Oñatira joaten ari gara dantzak ikastera eta erraldoiak erabiltzen ikastera.
Zelakoa izan da erraldoiak sortzeko prozesua?
2025eko udazken eta neguan abiatu genuen. Hasieratik bi lantalde jarri ziren martxan. Bata, konpartsa sortzeko. Haiek hasieratik egon dira harremanetan arrasatearrekin eta oñatiarrekin, jakiteko zelan sortzen den konpartsa bat, zer behar den eta beste. Hor egon dira gaur egun konpartsako kide garenak eta musikariak. Eta beste lantaldean, berriz, herritar talde bat aritu gara, pentsatzen gure herriarekin lotuta zer erraldoi sortu, zer irudikatu nahi duten, Soraluzeko herri identitatearen isla izango direlako erraldoiak. Hori dena ez da izan edozelan aukeratutakoa; zeintzuk izango diren, zer gorpuztuko duten, zer irudikatu nahi duten, zer eramango duten eskuetan, zer jantzi… hori dena oso ondo pentsatuta egon da. Lantalde bakoitzak bere ibilbide paraleloa egin du; betiere, elkarren arteko komunikazioan oinarrituta. Nahiko genuke bereziki aipatu Xabi Mendizabal Vitoriano, erraldoiak egiteaz gain izugarri dabilelako laguntzen erraldoien bueltako denarekin; dantzak eta beste. Zoragarria da harekin lan egitea.
Behin jaietako aurkezpena eginda, zein da asmoa konpartsarekin?
Adosteko dago. Konpartsako kideok erabakiko dugu herriko zein ospakizunetan irtengo garen. Eta herritik kanporako aukera ez da baztertzen, baina, momentuz, herrikoa ondo findu nahi dugu.
Norbait animatuko balitz, badago konpartsako kide egiteko aukerarik?
Ateak zabalik daude konpartsakide izan nahi duten guztientzat, erraldoiak dantzarazi nahi dituztenentzat zein bestelakoentzat, ze erraldoien inguruan laguntza handia behar da: bidea egiten, ura eramaten, gauzak eramaten, erraldoiak ez dezan inor harrapatu eta ez dadin jausi ingurua zaintzen… Nahi duenak argazkiko edozeinengana jo dezake.
Erraldoiak ja bukatutzat eman dira ala denborarekin gehiago egingo dira?
Hau bide baten hasiera da. Pentsatuta ditugu aurrerago egiteko erraldoi posible batzuk, baina, lehenengo, ikusi behar da honekin zer bide sortzen den. Hala ere, aurreikusten dugu datorren urtean buruhandi berriak egitea. Bide hori ere preparatzen ari gara. Erraldoien pertsonaien lantaldea izan dena orain ja badabil pentsatzen ze buruhandi egin daitekeen; baditugu ideia batzuk jasota; orduan, gero bide hori egingo litzateke.
Oraingo berriek izena izango al dute?
Erraldoi berriek izena edukiko dute, hori 25ean jakingo da; horregatik animatu nahi ditugu herritar guztiak aurkezpenera, ez umeak bakarrik, adin guztietako herritarrak, uztailaren 25ean 12:00etan kontzejupe aurrera eta gero gurekin kalejiran ibiltzera.
Besterik nahi baduzue gaineratu…
Konpartsako ateak zabalik daudela. Ez da jakin behar ez dantzan ezta beste ezer ere. Saltsarako gogoa edukitzea besterik ez da behar; oso giro ona dago taldean, eta horretara animatzen ditugu herritarrak.